LAMIA

BESTE IZEN BATZUK: LAMIN, LAMIÑA, AMILAMIA

Jeinu honek emakume eder baten itxura du gorputzaren erditik gora, eta hankak oiloarenak, ahatearenak, nahiz ahuntzarenak bezalakoak ditu. kosta aldean, gorputz erditik behera arrain tankera hartzen dute.

Lamien zereginen artean honako hauek zeuden: artilea haritu; trikuharriak, etxeak eta elizak eraiki; eta arropak garbitu. Baina asko atsegin du urrezko orrazi batekin bere adats ederra orraztea, erreka bazter edo urmahel batean. Haitzuloetan edo erreka putzuetan nahiz urmaeletan bizi ohi da.

Lamien eta gizon gazteen arteko maitemintzeak ere agertzen zaizkigu, haren edertasunak liluratuta uzten baitu gazteren bat, zenbaitetan.

Elezaharrak dionez, Anboto eta Arangio artean artaldearekin egoten zen artzain bati maiz agertzen omen zitzaizkion Lamiak, eta oso ongi pasatzen omen zuen hark, dantzan ibiltzen baitzuten airean.

Artzaina gustura zebilen neska gazte eder haiekin, berak ez baitzekien Lamiak zirela. Batekin harreman sendoagoa egin zuen, eta etxeraino ere laguntzen omen zion.

Behin batean, eraztun bat oparitu zion Lamiak artzainari, eta ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Mutilak kontatu zion amari, eta amak, kezkatuta, herriko apaizarengana joateko eskatu zion semeari. Elizgizonak, mesfidati, emaztegaiari oinak behatzeko agindu zion.

Artzainak horrela egin zuen eta bere hankak ikustean ahatearenak bezalakoak zirela ohartu zen. Orduan, eraztuna atera nahi izan zuen lamiari itzultzeko; baina ahaleginak egin arren, ezin izan zuen atera, eta atzamarra moztu behar izan zuen. Eraztuna atzamar eta guzti itzuli zion lamiari, eta etxera joan zen.

Sendatu zuen atzamarra, eta ohean sartu zen. Lamia haserre bizian gelditu zen, eta mutila ez omen zen gehiago esnatu.