JENTIL

Euskal Herri osoan da entzuna pertsonaia mitologiko ezagun hau. Gipuzkoan batez ere, baina Bizkaian, Nafarroan, Araban nahiz Lapurdin ere ageri zaizkigu jeinu honi buruzko aipamenak.

Jentilak kristautasunaren aurretik lurralde horietan bizi ziren pertsona fedegabeak omen ziren.

Gizaseme basatiak, erraldoiak eta indartsuak ziren, harkaitz puska ikaragarriak urrutira botatzen zituztenak. Hori dela eta, leku askotan agertzen diren harritzarrei Jentilarri deitzen zaie.

Monumentu megalitikoen sortzaile bezala agertzen zaizkigu. Lehen meatzariak, lehen gari landatzaileak, lehen errementariak, lehen errotariak … ere izan dira jeinu hauek. Lehenengo elizen eraikuntzan ere lagundu omen zuten haien indar itzelarekin.

Behin batean, Jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen zuten hurbiltzen ekialdetik.

Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino distiratsua ikusi zuenean, honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota nazazue amildegitik behera”.

Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango aranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan.

Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen zaio, eta herri sinesmenak dio azken Jentilak bertan hilobiratuak daudela. Jentillarri hori, benetan, historiaurreko monumentu bat da, trikuharri bat da, hain zuzen ere.