ZEZENGORRI

BESTE IZEN BATZUK: HATXE, AHATXEGORRI, TXEKORGORRI, XAHALGORRI, BEHIGORRI, IHIZI.

Zezengorrik, izenak dioen bezala, zezen gorri baten itxura hartzen du, eta sua dariola agertzen zaigu, maiz. Batzuetan sudur zulotik eta ahotik sugarrak botatzen ditu, eta honela kiskaltzen ditu bere arerioak; beste batzuetan, aldiz, haitzuloko iluntasunean distiratsu agertzen da Zezengorri, bere adarrak eta buztana suzkoak baitira.

Leize-zuloetan bizi da normalean, leku haien zaindari izan ohi baita. Norbait haitzuloan sartzen bada, haserretu egiten da, eta gaiztoa bezain beldurgarria izan daiteke. Haitzulora harriak botaz gero, Zezengorri haserretu egiten da, eta erasokor agertzen zaigu.

Orozkon kontatzen dute lapur bat bizi izan zela Itzineko mendian dagoen Atxulaur haitzuloan. Lapur hark, urteetan eginiko lapurretei esker, izugarrizko urre pila bildu omen zuen haitzuloaren barruan.

Lapurretara beste lurralde batera joan zen batean, hil egin omen zen, eta inork ez zekien non gorde zuen bere altxorra.

Behin batean, kanpotar batzuk Atxularko leizera joan ziren altxorraren jabe egiteko asmotan, baina, hurbildu zirenean, ahotik eta sudur zuloetatik sua zerion zezen gorri izugarri bat atera omen zen mehatxuka haitzulotik; lapurraren espiritua, hain zuzen ere.

Hurrengo batean, hildako lapurraren hezurrekin joan ziren haitzulora kanpotar haiek, eta bertan utzi zituzten. Orduan bai, orduan atera ahal izan zuten altxorra haitzuloko zulo sakonetik, lapurraren gorpuak betiko atsedena lortu baitzuen.