SORGIN

BESTE IZEN BATZUK: BELAGILE, SORSAIN.

Emakumezko jeinu gaiztoa da Sorgin eta ahalmen bereziak, eta kalte hauek egin ditzake: uztaren hondatze ezustekoak, errota eta burdinolen matxurak, gaixotasun eta heriotza misteriotsuak, itsasontzien urperatzeak, eta abarrak.

Jeinu honen eraginez, sorginduak dauden pertsonei ere sorginak deitzen zaie. Gehienetan emakumezkoak dira, dohai bereziak dituzte, eta gaiztakerietan jarduten dute. Emakume hauek taldean dihardute, eta gauez ospatzen dituzten batzarretara joaten dira hegan. Gizakiaz gaindiko dohain hori lortzeko, ukendu batez igurzten dira, eta esaldi hau esaten dute: Sasi guztien gainetik eta odei guztien azpitik.

Sorginen bilkura horiei akelarreak deitzen zaie. Bilkura haiek Akerbeltzen gidaritzapean burutzen zituzten; bertan, gorputza ukenduz igurtzi, eta belarrekin egindako edabeak edaten zituzten. Belarren ezaugarriak ederki omen zekizkiten; pozoitsuak, sendabelarrak, aluzinagarriak, eta abarrak. Dantzaldiak egiten zituzten musikaren laguntzarekin. Sorginak animalia forma hartzen du nahi duenean; batez ere katu beltz itxura.

Nola bihurtzen da gizaki bat sorgin? Herri sinismenak dionez, honako arrazoiak izan daitezke: eliza baten inguruan hiru buelta emateagatik, ondo bataiatua ez izateagatik, sorgin batekin harremanak izateagatik edota bere jantziak jazteagatik.

Elezahar batek dio emakume bat gauero gelditzen omen zela haritzen etxeko sukaldean, eta, egunero, katu beltz bat agertzen zitzaiola leihotik.

Gau batean, emaztearen ordez, senarra gelditu zen andre mozorrotuta, eta, katua etortzean, honela esan zion: gizonezkoa haritzen? Eta gizonak erantzun: katua eta hitz egiten? Orduan senarrak makilaz kolpatu omen zuen.

Hurrengo egunean, auzokide bat besoa apurtuta azaldu zen, eta orduan konturatu ziren herrikoak emakume hura sorgina zela.