MARI DOMINGI

Mari Domingi euskal mitologiako bat da eta, Olentzerorekin batera, neguko solstizioko jaien baitan kokatu behar dugu. Emakumezkotasuna ordezkatzen duen pertsonaia magiko hau, neguko solstizio garaian, neguari eta urte berriari ongi-etorria emateko etortzen da.

Mari Domingi mendian txabola batean bizi da. Lanbidez artzaina da eta gazta bikainak egiten ditu. Txabola ondoan sagastia du eta sagar erreak jatea asko gustatzen zaio. Basoko landare eta izakiak ongi ezagutzen ditu, eta badaki sendabelar desberdinak nola erabili jendea sendatzeko. Batzutan, kostaldeko herrietara ere joaten da saregilei laguntzera, gustukoa baitu arrantzaleen sareak konpontzea. Emakume zintzoa eta maitagarria da, eta umeak asko maite ditu!

Olentzero eta biak elkarren ondoan bizi dira mendian, euren txabolak oso hurbil daude eta lagun minak dira. Elkarri laguntzen diote, auzolanean, bakoitzak dakienarekin eta duenarekin. Lehen, eguberri bezperan, elkarrekin jaisten ziren herrira sua egiteko ikatza banatzera. Gaur egun, Euskal Herriko umeentzat opariak ekartzen dituzte. Jostailu asko beraiek egiten dituzte, zura lantzen trebeak dira eta. Zakua jostailuz betetzen dute eta herrira jaisten dira Gabon gauean, etxez etxe, poza eta zoriontasuna banatzera.

Euskal Herriko umeentzat berdin da eskutitza Mari Domingiri edo Olentzerori idaztea, biak dira pertsonaia mitologiko magikoak eta bien artean egingo dute dagokien lana.