OLENTZERO

    BESTE IZEN BATZUK: OLENTZARO, OLENTZERO, ORENTZARO, ONENTZARO, ORANTZARO

    Gipuzkoako leku askotan, eta baita Nafarroan ere, Olentzaro deitzen zaio mendian txabola batean bizi den ikazkin xelebre bati. Gabon egunean, etxekoak oheratutakoan, tximiniatik sartzen da Olentzaro Gabon suarekin epeltzera, eta, horregatik, egun horretan, garbi egon behar du tximiniak.

    Herri batzuetan, lastoz eta trapuz egindako panpina bat ateratzen zuten Gabon egunean, eta herriko plazan erretzen zuten. Beste batzuetan, gazte bat ikazkin mozorrotzen zen, eta Gabon gauen eskean ateratzen ziren gazte taldeak. Gabon suak eta enborrak, nahiz Olentzeroren panpina erretzeak zerikusia dute suarekin, eta, San Joanetan bezala, solztizioaren ospakizun paganoa dagoela dirudi sustraian. Olentzaro hitzaren esanahiaren inguruan, ohar gaitezke,  ”aro” azken partikula garai bat izendatzeko modua dela. Esan daiteke beraz, lehen, neguko solstizioaren inguruko garaia adierazten zuela, eta gaur egun, berriz, pertsonaia bat. 

    Badira elezaharrak, Olentzero azken jentila dela aipatzen dutenak. Hau da, Kixmi, Kristauen jainkoa, etorri zenean jentilak desagertu egin ziren, baina batek iraun zuen, eta honek eman zien herritarrei Jesusen jaiotzaren berri. Kristautasunak bereganatu zuen azken jentil hau Olentzero izan zen. 

    Elezahar batzuk beldurra eragiten duen Olentzero bat irudikatzen dute. Elduaienen (Gipuzkoa) diotenez, Olentzero gabon gauean menditik herrietara etortzen da, eta etxeko tximinitik jeisten da, bizkarrean ote-txorta duela eta eskuetan igitaia. Tximinia ordurako garbi ez badago, etxeko guztiei lepoa mozten die.

    Gaur egun, Olentzaro, Euskal Herriko umeei eta ez-umeei, Gabonetan opariak ekartzen dizkien pertsonaia da, Noel pertsonaiaren antzekoa. Ikazkin hau, urte osoan, basoan, ikatza egiten egon ondoren, zaku-bete opariz zamatuta ibitzen da Gabon gauean, etxez etxe, poza banatzen. Urtean zehar zintzo portatu denarentzat oparia izaten du, eta gaizki portatu denarentzat, ikatza.


Comments