Mari Domingi euskal mitologiako pertsonaia berri bat da eta, Olentzerorekin batera, neguko solstizioko ospakizunen baitan kokatu behar dugu. Antzinatik Euskal Herrian neguko solstizioaren inguruko hainbat ohitu zahar egon izan dira. Eguberri-egunaren inguruan izaten da urteko egunik laburrena eta gaurik luzeena. Eguzki zaharrak bere azken izpiak ematen ditu eta eguzki berria jaiotzen da. Eguberri hitzak hori esan nahi du ‘egun berri’. Gure arbasoentzat egun garrantzitsua zen eta hainbat ospakizun egiten ziren. Mari Domingi mendian txabola batean bizi da. Lanbidez artzaina da eta gazta bikainak egiten ditu. Txabola ondoan sagastia du eta sagar erreak jatea asko gustatzen zaio. Basoko landare eta izakiak ongi ezagutzen ditu, eta badaki sendabelar desberdinak nola erabili jendea sendatzeko. Batzutan, kostaldeko herrietara ere joaten da saregilei laguntzera, gustukoa baitu arrantzaleen sareak konpontzea. Emakume zintzoa eta maitagarria da, eta umeak asko maite ditu! Olentzero eta biak elkarren ondoan bizi dira mendian, euren txabolak oso hurbil daude eta lagun minak dira. Elkarri laguntzen diote, auzolanean, bakoitzak dakienarekin eta duenarekin. Lehen, eguberri bezperan, elkarrekin jaisten ziren herrira sua egiteko ikatza banatzera. Gaur egun, opariak ekartzen dituzte gau horretan Euskal Herriko umeentzat. Jostailu asko beraiek egiten dituzte, zura lantzen trebeak dira eta. Zakua jostailuz betetzen dute eta herrira jaisten dira Gabon gauean, etxez etxe, poza eta zoriontasuna banatzera. Euskal Herriko umeentzat berdin da eskutitza Mari Domingiri edo Olentzerori idaztea, biak dira pertsonaia mitologiko magikoak eta bien artean egingo dute oparien banaketa. Mari Domingiren abestia (AMAROA BERTSIOA, kutsu erligiosorik gabe): Horra Mari Domingi begira horri gurekin nahi duela herrira etorri. Gurekin nahi baduzu herrira etorri atera beharko duzu gona zahar hori. Zatoz, zatoz, zure bila nenbilen ni! Zatoz, zatoz, zure bila nenbilen ni! Zatoz goazen ta adora dezagun herrian jaio den negu eder hori, Negu eder hori. Irrintzi eta poza, algararekin hori behar dinagu guk elkarrekin. Pozez adora (de)zagun negu bat ona berak ekar d(i)ezagun gaur zoriona. Zatoz, zatoz, zure bila nenbilen ni! Zatoz, zatoz, zure bila nenbilen ni! Zatoz goazen ta adora dezagun Herrian den negu eder hori Negu eder hori. |
Euskal Mitologia > Pertsonaia mitologikoak >