MARI

    BADITU BESTE IZEN BATZUK ERE. MARIBURUTE, MARIMUR, MARIURRAKA,  MARUBURRIKAANBOTOKO DAMA, MURUKO DAMEA, AKETEGIKO SORGINA, BIDEKO EMAZTE XURIA, ARPEKO SAINDUA ... 

 
    Euskal mitologiako jeinu garrantzitsuena da Mari, beste jeinu guztien buruzagia edo nagusia. Naturaren eta beronen osagai guztien erregina da. Mari kristautasuna gure herrira iritsi aurrekoa da, eta aspaldiko euskaldunentzat jainkosa maila zuen.  Historiaurrean Europan bizi ziren herriek gurtzen zuten Ama Jainkoaren ezaugarri nabarmenak ditu. Oso antzinakoa dugu beraz.

    Justiziaren jainkosa dugu Mari, zintzotasunaren defendatzaile eta injustizien aurrean zorrotz jokatzen duena. Jeinu honek gezurra, lapurreta, emandako hitza ez betetzea, pertsonenganako errespetu eza eta harrokeria arbuiatzen ditu; aldiz, besteenganako laguntasuna saritzen du. Harengan sinesten dutenei laguntza eta opariak ematen dizkie; aldiz, sinesten ez dutenak zigortu egiten ditu. Lapurrei lapurtu dutena kentzen die; eta harrokeria erabili duenari, zertaz harrotu den, hura kentzen dio.

    Naturaren indarra irudikatzen du, eta, bere botere ahaltsuarekin, naturako indarren arteko oreka mantentzen du. Naturaren erregina da, eta, Mari hurbil denean, ekaitza etortzen da. Leku askotan joaten ziren Marirengana kazkabarra uxatzeko eskatzera. 

    Askotan, dotore jantzitako emakume eder baten itxuran agertzen zaigu. Durangon, eskuetan urrezko jauregi bat duela; Amezketan, lau zaldik daramaten gurdi baten gainean zerua zeharkatzen ikusi izan dute; Oñatin, ahari baten gainean. Animalia itxuran, suzko igitai itxuran, haize bolada itxuran edo hodei nahiz ostadar itxuran ere azaltzen da zenbait lekutako elezaharretan. Bere haitzulo sarreran, ondoan ahari bat duela ere agertzen da, hori baita bere animalia kuttuna. Anbotoko kobazulo aurrean, ahariaren adarrean urrezko hari mataza bat biltze n ere ikusi izan dute.

Mari, lur azpian bizi da, eta haitzuloetatik nahiz zuloetatik kanporatzen da. Norbait Mariren bizilekura sartuz gero, zigortu egiten du; eta haren baimenarekin norbait hurbiltzen bazaio, beti hika hitz egin behar dio, ez da inoiz eseri behar haren aurrean, eta ez zaio inoiz bizkarra eman behar Mariri.

    Mariren senarra Maju jeinua dela kontatzen dute Oñatin; aldiz, Goierriko elezaharrek Sugaar dela esaten dute. Bere semeak Mikelats eta Atarrabi jeinuak omen dira.


Amezketan kontatzen zutenez, ba omen ziren zazpi urte Mari Txindokiko bere haitzulotik desagertu zela. Baina zaldi bat zeruan hegan ikusi zutenean eta izugarrizko euri jasa hasi zuenean, herritarrak berehala konturatu ziren Mari bueltatu zela. Marizulo kobazuloa zuen bizileku, eta urrez estalia zuen. Dena urrezkoa omen zen barruan, altzariak ere bai. Behin batean, asteak euritan egon ondoren, atertu eta lainoak urruntzen ari zirenean, Txindokiri laino-txapela gelditu zitzaion tontorrean. Orduan ohartu ziren Marik labea piztu zuela.

Goiz batean, Kattalin izeneko  neska gazte amezketar bat joan zen mendira artaldearekin, eta, egun guztian ardiak larrean eduki ondoren, artaldea biltzen hasi zen. Kontatu zituenean, bat falta zitzaiola konturatu zen. Artaldearen jabeak egingo zionaren beldur, mendian gora abiatu zen  falta zitzaion ardiaren bila. Batek baino gehiagok esana zion Mari Txindokin zenean ez gerturatzeko inguru haietara, baina ardi galdua topatu beharra zeukan. Aurrerago joan zenean, hara non, ardia haitzulo baten sarreran aurkitu zuen, eta bere ondoan andre eder eta galai bat ikusi zuen, sekula ikusi ez zuen bezalako dama. Mari zen. Marik nor zen eta zein familiatakoa zen galdetu zion neskatxari.  Honek, Kattalin zela bere izena esan zion, eta ez zuela familiarik, ardi haiek herriko jaun batenak zirela. Orduan, Marik berarekin bizitzen gelditzeko proposamena egin zion, eta zazpi urte berari laguntzen egoten bazen aberatsa egingo zuela agindu zion.

Horrela, bada, Kattalin Marizuloko damari laguntzen gelditu zen, eta zazpi urte haietan asko ikasi zuen neskatxak: haria egiten, ogia egiten, landareen ezaugarri magikoak ezagutzen, abereen hizkera ulertzen, eta beste hainbat zereginetan. Baina, di-da batean pasa ziren urteak, eta, garaia iritsi zenean, honela esan zion Marik:

—Kattalin, ondo bete duzu zure hitza, zintzo lagundu didazu, eta esanekoa izan zara. Nik joan egin behar dut, eta aberatsa egingo zintudala agindu nizunez, tori!

Marik ikatz puska handi bat eman zion. Harrituta gelditu zen neska gaztea, baina ez zen ausartu ezer esaten. Haitzulotik atera zenean, urre distiratsu bihurtu zen ikatza. Neska pozaren pozez jaitsi zen herrira; etxea eta artaldea erosi zituen, eta inoren aginduetara egon beharrik gabe bizi izan zen zoriontsu gure Kattalin.


Comments