LAMIA

       BESTE IZEN BATZUK:  LAMIN, LAMIÑA, AMILAMIA

    Jeinu honek emakume eder baten itxura du gorputzaren erditik gora, eta hankak oiloarenak, ahatearenak, nahiz ahuntzarenak bezalakoak ditu. Aldiz, kosta aldean, gorputz erditik behera arrain tankera hartzen dute. Lamien zereginen artean honako hauek zeuden: artilea haritu; trikuharriak, etxeak eta elizak eraiki; eta arropak garbitu. Baina asko atsegin du urrezko orrazi batekin bere adats ederra orraztea, erreka bazter edo urmahel batean. Haitzuloetan edo erreka putzuetan nahiz urmaeletan bizi ohi da.

    Gizonei eskatzen zien ogiari, urdaiari eta sagardoari esker elikatzen ziren, edota bere deboziozkoek eskainitako ogi, gatzatu eta esneari esker. Esan ohi da Lamiak ‘ezetza’ zela medio bizi zirela. Alegia, nekazariak zergak ordaintzerakoan, iruzurra eginez, zeuzkan lurrak baino gutxiago aitortzen bazituen, bere esanetan ez zeuzkan lur horiengatik Lamiak kobratzen omen zituen aitortu gabeko zergak. Iruzurraren kontrako eta zintzotasunaren aldeko jeinu legez ere agertzen zaigu, beraz.

    Lamien eta gizon gazteen arteko maitemintzeak ere agertzen zaizkigu, haren edertasunak liluratuta uzten baitu gazteren bat, zenbaitetan.

    Lamien desagertzea baselizen eraikitzeari, elizetako kanpai hotsei, eta errezoei ere egotzi zaie. Dirudienez, kristautasunaren etorrerak badu zerikusia Lamien bukaerarekin. Aspaldiko jeinua dugun seinale da hori.



Elezaharrak dionez, Anboto eta Arangio artean artaldearekin egoten zen artzain bati maiz agertzen omen zitzaizkion Lamiak, eta oso ongi pasatzen omen zuen hark, dantzan ibiltzen baitzuten airean. Artzaina gustura zebilen neska gazte eder haiekin, berak ez baitzekien Lamiak zirela. Batekin harreman sendoagoa egin zuen, eta etxeraino ere laguntzen omen zion. Behin batean, eraztun bat oparitu zion Lamiak  artzainari, eta ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Mutilak kontatu zion amari, eta amak, kezkatuta, herriko apaizarengana joateko eskatu zion semeari. Elizgizonak, mesfidati, emaztegaiari oinak behatzeko agindu zion. Artzainak horrela egin zuen eta bere hankak ikustean ahatearenak bezalakoak zirela ohartu zen. Orduan, eraztuna atera nahi izan zuen lamiari itzultzeko; baina ahaleginak egin arren, ezin izan zuen atera, eta atzamarra moztu behar izan zuen. Eraztuna atzamar eta guzti itzuli zion lamiari, eta etxera joan zen. Sendatu zuen atzamarra, eta ohean sartu zen. Lamia haserre  bizian gelditu zen, eta mutila ez omen zen gehiago esnatu.


 


Behin batean, artzain gazte bat bere artaldearekin zebilen Entzia inguruan. Atokolarri haitzaren azpian lo gelditu zen, eta esnatu zenean, neska gazte eder bat, ederretan ederrena, bere aurrean zuen. Lezaoko haitzuloaren azpian, errekak urmaela egiten zuen lekuan, urrezko orrazi batekin bere adats horia orrazten ari zen. Bere herriko nagusiei entzuna zien Amilamien edertasunaren berri, baina honek kontakizun guztiak gainditzen zituen.

Amilamiarekin liluratuta gelditu zen, eta hizketan egon ziren arratsalde osoa. Mutilak herritarrak jasaten zituzten gosealdi eta premia larriak kontatu zizkion. Ilundu aurretik artalde bildu eta herrira jeitxi zen.

Handik aurrera egunero igotzen zen, eta orduak pasatzen zituzten solasaldi atseginean. Herrian kontatu zuen, baina ez zioten sinesten, eta jendeak adarra jo besterik ez zion egiten, asmakizula zela esaten zioten. 

Behin Amilamiari kontatu zion herritarrak iseka egiten ziotela, eta honek, errukituta, haitzulora sartu eta galbahe bat ekarri zion. Honela esan zion:

- Har ezazu galbahe hau, eragiten duzun bakoitzan irina emango dizu. Horrela ez dizun inork gehiago iseka egingo eta ez duzu inoiz goserik pasako berriro.

Bere etxera joan zen, familiari erakutsi zion Amilamiak oparitutakoa eta irina ematen zuela ikusirik harrituta gelditu ziren. Familia guztiarekin Aguraineara joan zen, okindegi bat jarri zuen eta urte askotan zoriontsi izan zen.

Hil zenean, galbahearen bila joan ziren baina inork ez zuen aurkitu. Lezaoko haitzuloan omen dago Amilamiaren urrezko orraziarekin batera.



Auzoko emagin baten laguntza eskatu zuten laminek behin. Emagina laminen bizilekura joan zen eta lana bete zuen. Bazkaltzera gonbidatu zuten eta, ogia zuria zela ikusita, emakumeak zati bat hartu eta poltsan gorde zuen. Gainera urrezko linai eta ardatz bat eman zizkioten eskainitako zerbitzuagatik. Bazihoala, aulkitik ezin altxatuta gelditu zen eta laminek esan zioten berea ez zen zerbait hartu zuelako gertatu zitzaiola hori. Emakumeak, orduan, ogi zati bat hartu zuela aitortu zuen; mahaian uztera behartu zuten eta horrela altxatu egin ahal izan zen. Etxera zihoala “bidean atzera ez begiratzeko” esan zioten laminek, baina etxera iritsi zenean, hanka bat barruan eta bestea kalean zuela, atzera begiratu zuen: berehala galdu zuen urrezko oparien erdia.
Comments