IRATXO


    BESTE IZEN BATZUK: IDTTU, IDITXU, IREL, IREI-SUZKO, IRELTSU, IELTXU

   Gaur egun Iratxo deitzen zaio, oro har, alegoriazko izaki edo jeinuari (gaztelerazko ‘duende’ zentzuarekin), baina, Bizkaiko elezaharrek diotenez, pertsonaia mitologiko berezia da. 

    Gauez ateratzen den jeinu bihurria da Iratxo. Ez da gaiztoa, baina bat-batean agertzen da, eta ezusteko izugarriak ematen ditu. Norbait bere atzetik hasiz gero, amildegietara, sakanetara eta leku arriskutsuetara eramaten du. Bere ohizko bizilekuak haitzuloak eta osinak dira.

Antzinako esaera zahar batek dio: Gaizki irabazia, Iratxoak kendua (Gassoto yrabacia / yrachoen da yracia). Hemen esaten denez, pertsona batek modu desegokian irabazten baditu ondareak, Iratxok kendu egingo dizkio. Beraz, zintzotasunaren defendatzaile ere badugu jeinu hau.

    Batzuetan, giza irudia du, baina, beste askotan, abere itxura ere hartzen du; astoarena, ahari beltzarena, zerriarena eta ahotik sua botatzen duen hegaztiarena hartzen du, maiz.

Comments