BASAJAUN

    BESTE IZEN BATZUK: Anxo


    Bere izenak dioen bezala, ‘basoko jauna, jaun basatia’ dugu jeinu ezagun hau. Basoaren sakonean edo leku garaietan dauden haitzuloetan bizi da Basajauna. Pertsonaia honek gizon handi eta izugarri baten itxura du. Gorputza ilez estalia du, adatsa belaunetaraino iristen zaio, eta aurpegia, bularrak eta sabela ia guztiz tapatzen dizkio. Oinetako bat gizakienaren modukoa da, eta bestea oinatz borobil batez osatua dago.

    Jeinu hau basoaren eta naturaren zaindaria da. Artaldeen babeslea da,  bereziki. Horregatik, ekaitza datorrenean, Basajaunak orroa botatzen du artzainak ohartarazteko. Orroari esker, artzainek garaiz jartzen dituzte beren artaldeak babesean. Otsoengandik ere babesten du artaldea. Ardiek, Basajauna hurbil dagoela sentitzen dutenean, bat-batean, zintzarrien astindu bat egiten dute, eta, hala, artzaina lasai egoteko moduan dago, otsoak ez baitira gerturatuko.

Batzuetan, jeinu ikaragarria eta gaiztoa balitz bezala ere agertzen zaigu, izugarrizko indarra eta bizkortasuna duena. Beste batzuetan, lehen nekazari gisa azaltzen da, eta, baita ere, lehen errementari edo lehen errotari gisa. Lanbide guzti horien maisu da, eta gizakiak basoko jaun honi ostu dizkio zerra eta errotaren ardatza  egiteko sekretua, bai  metalak soldatzeko sekretua.



Elezaharrak dioenez, behin batean, San Martiniko izeneko gizon ausart batek zerra egiteko moduaren sekretua atera omen zion. San Martinikok ba omen zuen Basajaunak sortu zuen zerraren berri, baina berak ez zekien nola ekoiztu. Jakin-minak bultzatuta, trikimailu bat bururatu zitzaion. Horrela, bidali zuen morroia herrira, eta hark bere nagusiak zerra egitea lortu zuela zabaldu zuen herritarren artean. Basajaunaren belarrietara ere iritsi zen berria, eta morroiari horrela galdetu omen zion: ‘Hire nagusiak gaztainondo hostoa ikusi dik, ala?’ Orduan, morroiak honela erantzun omen zion: ‘Ez du ikusi baina ikusiko du!’. Morroiak berehala kontatu zion San Martinikori sekretua, eta hark, ezeri itxaron gabe, zerra egin zuen. Basajauna, gauez, San Martinikoren etxera joan zen berria ziurtatzera. Zerra egina zegoela ikustean, amorruaren amorruz, zerraren hortzak, banaka-banaka, bata eskuinera eta bestea ezkerrera okertu omen zituen, zerratzeko gauza ez zela uzteko asmotan. Baina, hara non, kaltetzeko asmoan egindako ekintza gaizto hark onura ekarri zion San Martinikori, hortzak modu horretan jarrita, askoz hobeto zerratzen baitzuen zerrak.


Elezaharrak dioenez, behin batean, San Martiniko izeneko gizon ausart batek bi burdin zatiren soldatzea egiteko moduaren sekretua atera omen zion. San Martinikok ba omen zekin Basajauna gai zela burdina soldatzeko, eta sekretua atera nahian Kortezubiko bailaran berak ere bazekiela zabaldu omen zuen. Orduan, Basajaunak berria zabaltzen ari zenari honela galdetu omen zion:

- San Martinikok ur buztintsuarekin ihinztatu dizkik burdin zatiak ala?
- Ez du egin, baina egingo du! - erantzun zion aldarrikariak.

Horrelaxe, bi burdinzati galdatzeko buztin urtsua erabiliz, San Martinikok lortu zuen soldatzea. Hortik aurrera, munduan zehar edatu zen burdina soldatzeko modua.


Sara inguruan kontatzen denez, San Martinikoren errota ardatza haritz egurrez egindakoa zen, eta nahiko arin erretzen zen, bere  eginkizunerako hondatua geldituz. Basajaunaren errotak luzaro irautezuen ordea. San Martiniko sekretua jakin nahian bere errota atsedenik gabe lanean ari zela zabaldu omen zuen. Orduan, Basajaunak berria zabaltzen ari zenari honela galdetu omen zion:
- San Martinikok errotari haltzaren ardatza jarri dio ala?
- Ez, baina jarriko dio! - erantzun zion aldarrikariak.
Horrelaxe, San Martinikoren trikimailua dela medio, etengabe lanean aritzeko moduko errotak zabaldu ziren munduan.


Basajaun Askoa mendiko (Ataun) haitzulo batean bizi zen. Egun batean, basoan lanean ari ziren ikazkin batzurekin topo egin zuen. Ikazkin batek aizkora enbor batean sartua zuen, eta hain gogor sartu zuenez ezin zuen atera. Basajauni eskatu zion laguntza. Aizkoraren ahoak egina zuen zirrikituan hatzamarrak sartzeko eskatu zion Basajauni, horrela errazago aterako zuela eta. Basako jeinuak esandakoa egin zuen, baina ikazkinak aizkora ateratzean zirrikitua estutu zen eta hatzamarrak enborrean preso gelditu zitzaizkion. Basajauna ikazkinaren trikimailuan erori zen.
Basoko erraldoiak eskuak enborrari lotuak zituen, eta hau aprobetxatuz, ikazkinak Ataungo herrira eraman zuen jendeak ikus zezan eta barre egin zezan. Gero libre utzi zuen eta Askoako bere haitzulora itzuli zen. Ikazkina bere etxera joan zen, baina ordutik ez omen du inork ikusi; desagertu egin zen. 


Garai batean Muskiko koban (Ataun) basajaunak bizi omen ziren. Han, inguruko mendi gainak erabilita, sekulako gari mordoa biltzen omen zuten. Beheko lurretan, berriz, kristauak bizi omen ziren, eta artean ez omen zuten oraindik garirik ereiten, alerik ez baitzuten.

Behin, Sanmartintxiki, abarka handi batzuk jantzita igo omen zen Muskiko kobara; eta hango gari-pila ikusita, basajaunei apustua luzatu zien, ea zeinek salto handiagoa egin gari piloaren gainetik.

Basajaunek erraztasun handiz igaro omen zuten saltoan gari-pila; Sanmartintxiki berriz, gari-pilaren erdian erori omen zen, baina baita abarkak gari-alez bete ere! Gero, handik alde eginda, Sanmartintxiki etxera bidean zela, basajaun bat konturatu omen zen Sanmartintxikiren azioaz, eta aizkora txikia bota omen zion, baina ez zuen hura harrapatu. Olasagastiko gaztainondo baten gerrian sartu omen zen aizkora txikia.

Kristauek, hala ere, nahiz eta gari-alea izan, ez omen zekiten noiz erein; halako batean, ordea, basajaun bati entzun omen zioten barrezka nola esaten zuen:

   Ja jaaaai! Balekite, hartuko lukete:

   Orri irtete artoa ereite

   Orri erortze garia ereite

   Eta San Lorentzotan arbia ereite.


Ordutik zabaldu omen zen garia inguruko herri guztietan.


Basandere Mondarrain mendiko haitzulo atarian egoten omen zen urrezko orraziarekin bere ilea orrazten. Behin batean, Itsasuko artzain batek orrazia ostu zion eta Basandere bere atzetik joan zen. Artzaina harrapatzekotan zegoenean, egunsentiko lehen printzak jo zuen harkaitz bat ikutu zuen honek, eta honela esan zion Basanderek:
- Eman iezaizkiok eskerrak eguzkiari! - eta bere lezera itzuli zen.



Basandere Irati oihanaren ondoan dagoen Galharbekopotxa lezean bizi omen zen. Haitzuloan Basajaunek lapurtutako zutargi bat zuen. 
Mendibe herriko Lohibarria baserriko semea bere behiekin larrean zebilela, Basanderek garbitu berria zuen zutargiaren dizdira ikusi omen zuen. Honek, Xalbatore baselizakoa zela ohartuta, zutargia lapurtu zion, eta azkar batean bere lekura itzultzera joan zen. 
Basandere, haserrearen haserrez orruka hasi zen, eta Basajaun erakarri zuen bere ondora. Biak behizainaren atzetik abiatu ziren, eta harrapatzera zihozela Xalbatore ermitara iritsi zen.
- Salbador jauna zuregana nekarren zutargia, erruki zaitez nitaz! -esan zuen.
Une hortan baselizako kanpaiak jotzen hasi ziren.
- Kanpai hotsak libratu hau, baina baraurik harrapatzen hauten egunean gogoratuko haiz! - esan zion Basajaunek.
Handik egun batzuetara baserritarra baraurik topatu zuen Basajaunek. Honek izututa eskuak burura eraman zituen, eta hile artean gari ale bat topatu zuen. Berehala garia ahora eraman zuen, honela barau apurtuz, eta harriskuaz libratuz.
Oraindik ere zutargiak Xalbatore baselizan dirau.

Comments