AKERBELTZ

AKERBELTZ edo AKER

    Aker beltz baten itxurako jeinua da hau. Etxe-abereen zaindari eta sorgin nahiz aztien buruzagi azaltzen da. Ezaugarri onuragarriekin agertzen zaigu batzuetan, eta beste zenbaitetan bere alde iluna erakusten digu. 

    Alde ona erakusten duenean Mariren antzeko dohainekin agertzen zaigu, eta zenbait jeinuren nagusia edo buruzagia da. Ahalmen horiez gain, eragin ona du bere babesera utzitako animaliengan, eta abere horiek sendatzeko gaitasuna ere badu. Horregatik, aker bat (beltza izan behar du, nahitaez) hazteko ohitura dago zenbait baserritan, etxe-abereak babestuko baititu abere  horrek.

    Sorginen eta aztien batzarrak zuzentzen dituenean, Aker nahiz Akerbeltz deitu, bere alde ilunarekin azaltzen zaigu. Batzar horiek akelarreak deitzen dira. Mundu guztian zabaldua dagoen euskal hitz honen jatorria Zugarramurdi herriko haitzulo sarreran dagoen zelaitxo batean dago. Zelai hau akelarre deitzen da, ‘akerrak bazkatzen duten larrea’, hain zuzen ere, eta, bertan, sorginek eta aztiek Aker buru zutela egiten omen zituzten batzarrak. Bilkura haietan, Aker gurtzen zuten astelehen, asteazken eta ostiraletan, eta haren esanetara jartzen ziren. 

  

Elezaharrek diotenez, batzar haietan Akerbeltz edo Aker adoratzen zuten kristau-mezaren parodia eginez.  Bertan, ogia, arrautzak eta dirua eskaintzen zioten. Jeinuak bere jarraitzaileei predikuak igorri ondoren, giza haragia jaten omen zuten mahai baten inguruan. Jan-edanaren ondoren, txistuaren doinua lagun, Akerbeltzek dantzan jarduten zuen sorginekin. Eta gehiegizko edanaren ostean, partaide guztien artean sexu harremanak edukita amaitzen zuten akelarrea, orgia batean. Akelarrea amaitzean, sorgin eta azti guztiak Akerren esanak betetzera joaten ziren beren bizitokietara.


Comments