Euskal Mitologia‎ > ‎

Ezaugarri nagusiak


 
   
 
    Ea ba, Euskal mitologiaren nolakoa den ulertzeko, lehenik, mitoa eta mitologia zer den argitzea komeni zaigu.

    Mitoek gizakiak dituen galdera sakonenei eta bere inguruan sortzen zaizkion gertakari ulertezinei erantzuna ematen diete. Bizitzaren misterioak eragiten duen jakin-min egon-ezinari erantzuten die eta bere inguruko fenomeno naturalei azalpena ematen die.

    Azalpen eta erantzun guztiak era fantastikoan ematen dira. Gizakiaz gaindiko ahalmenak dituen jainko edo pertsonaia mitologikoek parte hartzen dute azalpen horietan.

    Euskal mitologia historiaurreko garaietatik datozen sinesmen, pertsonaia mitiko eta elezaharren multzoak osatzen dute.

    Historiaurretik, euskaldunek mundu mitologiko bat eraikitzen joan dira; bertako sinesmenekin batera kanpoko eragin asko jasoz eta bereganatuz.  Baina, oro har, Euskal Herriko mitologiak ezaugarri propioak dituen mitologia bat da.


Euskal mitologiaren ezaugarri nagusiak hauk dira, nire aburuz:


  1. Antzinatasuna

Euskal mitologia historiaurretik datorren mitologia da. Mitologiak, berez, gizakiak mundua ikusteko modua islatzen digu, eta gure mitologiak gizaki prehistorikoaren ikuspegia nabarmenki adierazten digu.


  1. Izaera lurtarra.

Ama Lurra da jainko nagusia eta Mari, bere pertsonifikazioa, pertsonaia mitologiko guztien nagusia da. Elezaharrak diotenez Eguzki Amandre nahiz Ilargi Amandre jainkoak Ama Lurraren alabak dira, eta bere barnean bizi dira.


  1. Emakumezkoaren nagusitasuna.

Lehen aipatu dugun bezala, euskal unibertso mitologikoan emakumea da nagusi. Jainko nagusiak, Ama Lurra eta Mari emakumezkoak dira, eta Eguzki Amandrea eta Ilargi Amandrea ere bai.


  1. Izaera baketsua.

Euskal mitologian jendeari beldurra eragiten dioten pertsonaia gaiztoak badira, jakina, baina ez da ageri guda edo borroka ospetsurik gure elezaharretan, ez beraien artean ez eta pertsonaia mitologiko eta gizakien artean.


  1. Gizakiarekiko hurbiltasuna

Jainko eta pertsonaia mitologikoek gizakiaz gaindiko doaiak dituzte eta gizakiak horienganako miresmena du, baina, hala ere, badituzte harremanak beraien artean. Harreman hauek elezahar askotan agertzen zaizkigu.


  1. Naturarekiko harremana

Antzinako euskaldunak, herri primitibo guztiak bezala, naturarekin orekan bizi ziren, naturaren parte ziren, eta natura osotasunean gurtzen zuten. Mari, Ama Lurraren errepresentazio den jainko nagusia, naturaren jainkoa da, naturan oreka mantentzen du, fenomeno naturalak sortzen ditu eta naturaren zikloa irudikatzen du (sorkuntza-bizitza-heriotza).


  1. Ahozko transmisioa.


Haitzulo atariko sutondoan elezaharrak irudikatzen eta  kontatzen hasi zirenetik orain dela gutxi arte baserrietako sukaldeko sutondoetan kontatzen ziren arte, milaka urteren zehar, belaunaldiz belaunaldi, euskaldunok mundu mitologiko bat sortu eta transmititu dugu. Transmisioa hau, milaka urtez ahoz-aho eginda eta euskaraz egin.


Comments