Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Teodosio Goñikoa

TEODOSIO GOÑIKOA

Elezaharrak dioenez, Teodosio, Nafarroa menderatu nahi zuten godoen aurka gerra egin ondoren etxera ornen zetorren. Orduan, Erretabidean, Ollaranerako bidean, gizon bitxi bat azaldu ornen zitzaion, bere emazteak, Butroeko Konstantzak, maitale ezkutu bat zuela esanez,

 Amorruz erotu beharrean, Teodosiok zaldiari ezproiak sartu, eta laster batean abiatu zen etxerantz: hala ere ilunduta gero iritsi zen etxera, eta iritsi bezain laster igo zen logelara. Leihotik sartzen zen ilargiaren argi urriarekin, ohean bi lagun zeudela ikustean, ezpata atera eta lo zeuden bi gorputz haiek alderik alde zulaturik, hil egin zituen, bere emazte Konstantza eta harén maitalea zirelakoan.

 Logelatik irteterakoan, ordea, Konstantzarekin berarekin topo egin zuen, senarraren hotsak entzunda esnatu egin baitzen.

 -Konstantza! -hasi zen Teodosio, harri eta zureginik.

 -Teodosio! Hau poza! -esan zion emazteak, pozaren pozez.

 -Baina... zu hemen bazaude, nortzuk zeuden gure ohean? -esan zuen Teodosiok bere onera itzuli ezinik.

 -Zure gurasoak, Teodosio -azaldu zion emazteak-. Bisitaldi egitera etorri zaizkigu eta etxeko gelarik hoberena eman diet, gurea.

 Egin berri zuen izugarrikeriak erdi erotuta, Erromara erromes joan zen Teodosio, eta apaltasun osoz onartu zuen han ezarri zioten zigorra: kate lodi bat gerrian zuela izarpean lo egitea, harik eta katea gastatu eta berez erortzen zitzaion arte, hori izango baitzen Jainkoak aita eta ama, biak hil izana barkatu zion seinalea.

 Teodosiok Aralarko mendietan bizi eta ibiliz hasi zuen bere penitentzia. Zazpi urte bazeramatzan zigorra betetzen, baina hasieran bezain berri eta trinko jarraitzen zuen kateak. Behin batean, ordea, leize zulo batera hurbildurik, izugarrizko hots bat entzun zuen eta, une hartan bertan, herensuge beldurgarri bat azaldu zitzaion, bere ehun urteko lotatik esnatu berria. Gose zen herensugea. Teodosio ikusirik, harengana abiatu zen istant batean irensteko prest.

Gizon gizajoa ozta-ozta zen mugitzeko ere gauza, penitentziak eta zintzilik zeraman kateak ahulduta.

 -San Migel! -hasi zen oihuka, herensugea ikustean- Lagun iezadazu, San Migel!

 Haren oihua zeruan entzun zuten eta Jainkoak esan zion arkaingeruari:

 -Migel! Lurrean deika dituk...

 -Zurekin ez bada, ni ez naiz jaitsiko! -erantzun zuen hark.

Horrela bada, jaitsi zen San Migel Jainkoa buru gainean zuela eta herensugearekin borrokan aritu ondoren, hil egin zuen. Piztia hila lurrera erortzearekin batera, Teodosioren gerriko katea ere eten eta lurrera erori zen.

 Laguntza horren eskerronez, Teodosio Goñikok eta bere emazteak San Migel in Excelsis Santutegia eraikitzeko agindua eman zuten. Gaur egun ere, haurdun geratu nahi duten andreak hara joan ohi dira, mesede horren eske.

 Hormetako batean zulo bat dago eta, diotenez, infernuko hotsak entzuten omen dira handik. Jende askoren ustean, burua zulo horretan sartzean, buruko minak erabat joaten omen dira.

 Kate batzuk ere badaude horma batetik zintzilik. Tradizioak dioenez, Teodosiorenak omen dira eta haiekin gorputzaren inguruan hiru itzuli emanez gero, buruko eta haginetako minak etorri bezala joaten omen dira.

EUSKAL HERRIKO LEIENDAK. Toti Martinez de Lezea

Goñiko Zalduna 1

 

Goñiko Zalduna 2


Goñiko Zalduna 3


Goñiko Zalduna 4 

Comments