Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Tartalo hiru gazteekin lehian

Tartalo hiru gazteekin lehian

Zegaman kontatzen da honeako elezahar hau:

  Tartaloen erregeak alaba bat zeukan; eta honek adiskide bat egin zuen. Aitak alabari esan zion, hiru gauzetan bera baino indartsuagoa izango zen suhi bat nahi zuela. Alabak erantzun zion bere adiskidea gai zela eta hiru lanak izendatzeko.

    Lehenengo gauza zen, ea nork atera errotik pago bat eskuz. Erregeak hartu zuen gerritik pago lodi bat eta osorik atera zuen, Izarra baserriko pagaditik. Suhiak lokarri bat hartu zuen eta berarekin pagadi osoa inguratu zuen. Erregeak hori ikustean horrelakorik ez egiteko eskatu zion, bestela, egurrik gabe eta ardientzat babesik gabe geldituko zirelako.

    Bigarren gauza, palanka nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen eta ondoren suhiak Salamancaraino botako zuela iragarri zuen. Erregeak horrelakorik ez egiteko esan zion, bere ahaide guztiak hiri horretan bizi zirelako.

    Hirugarren gauza, harri bat nork urrutirago bota izan zen. Erregeak oso urrun bota zuen; suhiak, berriz, eskuan gorderik zuen xoxo bat hartu eta askatu egin zuen. Xoxoak Arakama baserri aldera jo zuen eta ezkutatu egin zen. Orduan erregeak adiskidearekin ezkontzeko baimena eman zion bere alabari.

Comments