Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Tartalo gizon indartsua

TARTALO GIZON INDARTSUA
Behin batean, bi gazte mendira joan ziren. Mendian ibili eta ibili galdu egin ziren. Euria gogor ari zuen eta azkenean etxe bat ikusi zuten: Tartaloren etxea.

Barrura sartu ziren eta han zegoen Tartalo, gizon handia eta indartsua. Buruan ile luzea zuen, aurpegian bizar asko, eta bekokian begi bakar bat. Zein itsusia Tartalo erraldoia!

—Bihar zu izango zara nire bazkaria eta zu -besteari begiratuz- nire afaria -esan zien Tartalo gaiztoak bi gazteei-

Gero bat harrapatu eta esan zion:

—Nik trankil lo egin nahi dut. Horregatik eraztun hau ipiniko dut zure behatzean. Ez irten hemendik; kanpora bazoaz eguzkiaren argiaz errepikatuko du: "HEMEN NAGO; HEMEN NAGO"

Tartalo lurrean etzan eta laster lotan zegoen. Gazte biek, ordea, ez zuten lorik egin. 

—Zer egingo dugu?- esan zuen batek isil-isilik.

—Ba dakit zer egin-erantzun zion lagunak. Eta kontatu zion plana ihes egiteko.

Isil-isilik zutitu ziren biak. Burni luze bat hartu eta sutan ipini zuten ondo berotzeko. Gori-gori zegoela hartu eta begitik barrura sartu zioten burnia: zazt!

Orduan, Tartalok oihu handi bat atera zuen minez beterik.

Zutitu zen eta errabiaz hasi zen gazteen bila, baina hauek ondo gorde ziren:

—Non zaudete madarikatuok? Harrapatuko zaituztet! Non zaudete?

Ez zuen ezer ikusten Tartalok eta ezin zituen aurkitu.

Azkenean atea ireki zuen eta gazteak korrika irten ziren Tartaloren etxetik.

Baina eguzkiaren argiaz eraztunak errepikatzen zuen "HEMEN NAGO, HEMEN NAGO". Tartalo ere korrika hasi zen gazteen atzetik.

Halako batean, gazteak eraztuna behatzetik atera eta patin batetara bota zuen. Patin barruan ere errepikatzen zuen "HEMEN NAGO, HEMEN NAGO"

Tranpa bat asmatu zuten Tartalorentzat: soka bat ipini zuten patin ondoan, Tartalo atzetik zetorren korrika. "HEMEN NA­GO" entzuterakoan farrez ari zen:

—Harrapatuko zaitut! Oraintxe harrapatuko zaitu! Hil eta jango zaitut!       

Baina Tartalok ez zuen ikusi soka eta bertan oztupatu zen; buruz aurre patin barrura erori zen eta han ito zen gure Tartalo itsusi eta erraldoia!

Comments