Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Tartalo eta bi anaiak

    Tartalo eta bi anaiak

    Elezaharrak dioenez, joan ziren bi anaia mendira ehizan egitera, eta izugarrizko ekaitza etorri omen zitzaien gainera. Babesteko asmotan, inguru haietan zegoen etxola handi batean gorde ziren. 

    Berehala, atzetik artalde bat sartu zen, eta, haiekin artzaina, begi bakarreko gizon handi bat. Sartu ahala, harri handi batekin itxi zuen sarrera, eta berehalaxe konturatu zen bi anaiak barruan zeudela. Orduan, Tartalok esan zien anaietan nagusiena jango zuela afaltzeko, eta gaztea hurrengo egunerako utziko zuela. 

    Horrela, bada, sartu zion burruntzia anaia zaharrenari, erre zuen sutan, eta jan egin zuen. Betekadaren ondoren, lurrean etzanda, zerraldo gelditu omen zen lotan. 

    Hura ikusirik, Antimuñok, anaia gazteak, burruntzia sutan goritu eta begi bakarrean sartu zion. Tartalo marruka altxatu zen, eta, burruntzia begian iltzatua zuela, gaztearen bila hasi zen, baina itsu zegoen eta ardi tartean ezin izan zuen aurkitu anaia gaztea. 
    
    Goizean, ateko harritzarra kendu, eta irteeran kokatu zen hanka zabalik. Ardiei banan-banan haien izenez deitu, eta hanka tartetik ardiak kanporatzen hasi zen, anaia gaztea harrapatzeko asmotan. Gazteak, ardi larru bat bizkarrean zuela, lau hankatan, beste ardiekin batera, kanpora ihes egin zuen artzainaren hanka tartetik. Tartalok igarri egin zuen, eta, gaztearen hanka hotsa jarraituz, haren atzetik abiatu zen lasterka. Gazteak, osin batera jauzi egin, eta alde egin zion igerian. Tartalok igerian jakin ez, eta putzu sakonean ito omen zen.


Tartalo eta bi anaiak


Comments