Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Tartalo eta artzaina

TARTALO ETA ARTZAINA

 

Behin batean, Araba aldean artzain bat bizi zen, Peru Armentia zeritzona. Peruri mendian ardi bat galdu zitzaion eta haren bila joan zen, azkenean, baso baten ondoan aurkitu arte.

Ardia aurkitua zuenean, erraldoi ikaragarri bat agertu zen han, aurpegian begi bakarra zeukana.

Tartalo zuen izena.

Tartalok bai Peru artzaina eta bai beronen ardia ere lepoan hartu eta bere bizilekura eraman zituen. Erraldoi haren etxea haitzulo  handi bat zen mendietan zegoena.

Behin haitzulora sartu ondoren, Tartalok Peruren ardia hil zuen eta sutan erretzen ipini ere bai, afaltzeko asmoz.

Afaria amaitu zuenean, Tartalo erraldoiak Peru bere esku artean hartu eta honela esan omen zion barrezka:

-Ja, ja, ja! Zure ardia jan dut eta oso gozoa izan da. Bihar, aldiz, zu jango zaitut bazkaltzeko, ja, ja, ja!

Ondoren, Tartalo lurraren gainean etzan eta bertan lo gelditu zen. Atearen ondoan jarrita zegoen, ordea, Peruk ihes egiten bazuen, haren pausoak berehala entzuteko, erraldoiak belarri zoli-zoliak zituen eta.

Artzain gaixoa ikaraz gelditu zen.

Biharamunean Tartalok jango zuen, ezer egiten ez bazuen behintzat. Baina, zer egin zezakeen berak handik  irteteko?

Haitzulo hartan, sutondoan, burduntzia zegoen, erraldoiak okela erretzeko zerabilena, eta beronek ideia bat ekarri zion Peruri burura.

Burduntzia sutan ipini zuen artzainak eta garren beroaz  burdina  gori-gori jarri zen berehala.

Ondoren, isilka-misilka ibiliz, Tartalo lo zetzan tokira joan zen Peru, burduntzi goria eskuan zeramalarik.

Eta bere indar guztiekin, DZAUST!, begian sartu zion Peruk  burduntzi goria, erraldoiari min ikaragarria eginez.

Tartalo minez, oihuka eta deiadarka hasi zen haserrez.

Artzainak bere begi bakarra errea zion eta ezin zuen ezer ikusi.

Itsu gelditua zen. Bitartean Peru haitzulotik iheska zihoan arineketan.

Itsututa zegoen arren, erraldoiak, lehen esan dugunez, oso ederki  entzuten zuen eta artzainaren pauso hotsen atzetik  abiatu zen korrika eta  orroaka, Peru harrapatu nahirik.

Tartalok bazeukan eraztun magiko bat eta halako batean Peruri jaurtiki  zion, hauxe esanik:

-Horra doakizu. Orain bai harrapatuko zaitudala! Ikusiko duzu!

Eta eraztun magikoa Peruren eskuraino joan zen, han gogor-gogor sartuta geldituz.

Kentzeko indar handia erabili arren, artzainak ezin zuen eraztuna atzamarretik kendu eta gainera, hizketan zekienez gero, eraztun magiko hura, boz goraz, honela  esaten hasi zen:

-Hemen nago! Hemen nago!, Tartalori Peru nondik nora zebilen agertuz.

Korrika zebiltzan biak, bada, Tartalo Peruren atzetik, eta halako batean, DRAK, amildegi baten ondora heldu zen gure artzaina, aurrerago joan ezinik. Atzetik erraldoia zetorkion, eraztunaren bozak bidea erakutsita.

Bere burua ia galdurik ikustean, Peruk bere indar guztiekin tirakada handia egin eta azkenik eraztun magikoa atera zuen atzamarretik. Ondoren, amildegira bota zuen. Eraztunak, hala eta guztiz ere, Hemen nago! Hemen nago! segitzen zuen esaten.

Tartalo eraztunaren boza zetorren tokira abiatu zen saltoka, eta itsuka zebilenez gero, amildegia ikusi ez eta AAAAAA! bertan behera erori zen, haitzen kontra kolpe handia hartuz.

Erraldoi gaiztoa hantxe gelditu zen hilda eta Peru Armentia, Arabako artzaina, onik irten zen handik, horrela  bere bizitza salbaturik.

 

Eta hau hala bazan sar dadila

kalabazan eta irten dadila

Gasteizko plazan.

 

Testua: Xabier Kintana


Tartalo eta artzaina from pkeizagirre on Vimeo.

Comments