Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Sorginaren ukendua

SORGINAREN UKENDUA

 

         Orain dela mende asko, gudu gogorrak izan zituzten arabarrek beren lurretara erasoz etorri ziren mairuen kontra. Garai hartan, jazoera bitxi bat gertatu zen Zaitegiko lurretan (Zigoitian).

Behin batean, mairuen gudarosteari sekulako galerak eragin zizkiotelarik, haiek amore eman eta alde egingo zutela uste izan zuten arabarrek. Ez zen horrelakorik gertatu, ordea. Biharamunean, bezperan bezain indartsu agertu zen mairuen gudarostea. Berriro aritu ziren borrokan eta zelaia mairuen soldaduen gorpuz betea gera- tu zen, baina hurrengo egunsentian bezperan adina soldadu zeuden berriro etsaien gudarostean.

Eguna joan eguna etorri, gauza bera gertatzen zen beti. Halako batean, arabar soldadu batek horren gertaera misteriozkoaren egiazko arrazoia jakitea erabaki zuen. Beste borroka bat egin zuten eta milaka soldadu mairu hil zituzten. Orduan, bere lagunak lotan zeuden bitartean, arabar gaztea zaindari geratu zen, begia etsaiaren zelaitik kendu gabe.

Gauerdian, itzal bat agertu eta hildako soldadu mairu baten alboan makurtu zen. Aldean zeraman buztinezko lapiko handi batetik ukendu pixka bat hartu eta hildakoaren zauriak igurtzi zituen; berehalajaiki zen hura, siesta batetik esnatu izan balitz bezala...

Arabarrak ezin zuen sinetsi begiek ikusten zutena. Kontuz-kon- tuz hurbildu zitzaien eta sorgin bat zela ikusi ahal izan zuen, bere gaiztakeriengatik Arabatik kanpora bidalitako sorgin bat, hain zuzen, orain, mendekua lortzeko, mairuen artean bizi zena eta haiek hil ahala piztu egiten zituena, arabarrak mendera zitzaten.

Luzaroan pentsatzen jardun gabe, soldaduak bere lantza hartu eta sorginaren eta mairu piztu berriaren gorputzak alderik alde zeharkatu zituen. Biak hilda geratu ziren. Lapikoa jaso, eta ukendu pixka batez atsoaren zauria igurtzi zuen, ea funtzionatzen zuen ikusteko. Segituan piztu zen sorgina, eta mutilari esan zion:

        -Ez nazazu hil, arren! Ukendu miresgarri hori egiten irakatsiko dizut...

Baina soldaduak, haren hitzak aintzat hartu gabe, lantza sartu zion eta behin betirako hil zuen.

Berri haiekin pozturik, lasterka itzuli zen bere kanpamendura eta gertatutako guztiaren berri eman zien han zeudenei. Haiek ezin zuten sinetsi entzuten ari zirena. Orduan, soldaduak esan zien:

-Hil nazazue eta gero igurtzi ondo zauriak honako ukendu honez. Ikusiko duzue!

Lagunek, jakina, ez zioten horrelakorik egin nahi, baina gazteak gauza bera esaten zien behin eta berriro eta, azkenean, hil egin zuten. Gero ukenduaz igurtzi zuten eta bat-batean piztu zen berriro.

Ukendu magikoa berehala hartu eta aurreko egunetan hildako arabar guztiak igurtzi zituzten. Haiek piztu zirenean, mairuak behin betirako menderatu ahal izan zituzten.

Eta zer gertatu zen ukenduarekin? Ba... agortu egin zitzaiela eta ez zitzaien bururatu zerbait gordetzea gehiago egiteko. Horrela bada, formula magikoa galdu egin zen. Geroztik asko saiatu izan dira formula hura errepikatzen, baina, guk dakigunez behintzat, inork ez du lortu ahal izan... oraingoz.

EUSKAL HERRIKO LEIENDAK. Toti Martinez de Lezea
Comments