Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

San Jose eta Etsai

SAN JOSE ETA ETSAI

    Zuia eta Kuartangon kontatzen denez, San Jose arotza zen eta bere familia aurrera ateratzeko zura mozten aritzen zen bere aizto handiarekin; oraindik zerra ez baitzen ezagutzen. Etsai zelatan egoten zen gaiztakeriaren bat egiteko asmoz, eta San Jose bere errezoak egitera joan zen batean aroztegian sartu zen. Kaltea egiteko asmoz egurra mozteko erabiltzen zuen ahiztoa seboz igurtzi zuen, zerrautsa itsatsiko zitzaiolakoan eta egurra moztea eragotziko ziolakoan.

    Baina, San Jose bere lanean hasi zenean mozketa hobeto egiten zuela konturatu zen, eta Etsaik izugarrizko amorrua izan zuen.

    Hurrengo batean, aiztoari ebakiak egin zizkion, hortzak ateraz. Eta kalte gehiago egiteko asmoz, hortzak alde banatara okertu zituen. Horrela San Josek ezingo zuen ezer moztu.

    San Jose lanerako jarri zenean eta erreminta horrela ikustean era bat goibeldu zen, baina besterik ez zuenez egurra mozten saiatu zen. Hara non, mozketa nekezago egingo zuelakoan aiseago egiten zuela konturatu zen, eta honela San Josek lehen zerra izan zuen.

Comments