Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Patxi errementari, gaizto eta bihurri

PATXI ERREMENTARI, GAIZTO ETA BIHURRI

     Patxi errementaria erabateko gaiztoa omen zen. Behingo batean infernuko deabru bat bidali omen zioten Patxi infernura eraman zezan. Hala, deabru hori goizean Patxiren sutegian agertu omen zen. Patxi han ari zen lanean, aldian behin txingura gainean mailuka edo auspoari eraginez txingarrak astintzen, aizkora, besara-hortz eta antzeko burdin tresnak surtan lantzen.

    –Egun on –esan omen zuen deabruak.

    –Baita hiri ere.

    –Egundainoko gaiztoa haizela eta, inpernura eramateko asmoz etorri nauk.  

    –Ez duk gaizki esana. Lehenengo gosari-mokadua egin dezagun.

    –Beno ba.

    Eta hala joan omen ziren gosaltzera. Biak mahaian jarri omen ziren, eta baita gosaldu ere.

   Gosalondoan jeiki omen zen Patxi errementaria eta deabruari honela esan omen zion: Bai, oraintxe abia giztezkek.

    Deabrua hasi omen zen nagiak ateratzen bezala; baina ezin omen zen inola ere jaiki. Mahai alderdi hura pikeaz igurtzita omen zeukan Patxik, eta hantxe erantsita gelditu omen zen deabru gizarajoa.

    Patxik bertan eduki omen zuen deabrua hiru urtetan, harik eta suaz berotuta pikea urtu zion arte.

    Deabruak bere burua libre ikusi zuenean, laister aldegin omen zuen handik, Patxiri gehiago erreparatu gabe. Patxik berriz, gero eta gaiztakeria haundiagoak egiten jarraitu zuen.

   Halako batean infernutik beste deabru bat bidali omen zioten, infernura eraman zezan.

    Aurreko deabruak esan omen zion bigarrenari: motel! Patxik mahian jartzeko agintzen badik, ez hadi jar!.

    Bigarren deabru hori goiz batean Patxiren sutegian agertu omen zen.

    –Egun on–esan omen zion Patxiri.

    –Baita hiri ere.

    –Gaiztakeria gogorrak egiten omen dituk munduan, eta infernura eramateko ordena diat.

    –Ez duk gaizki esana. Lehenengo gosari-mokadua egin dezagun.

    –Joan gintezkek.

    Biak Patxiren sukaldera sartu omen ziren.

    –Jarri mahaian, adiskide –esan omen zion Patxik deabruari.

    –Ez, ez zeukat mahian jarri beharrik.

    –Etzan hadi orduan, nik gosaldu bitartean, horko zizailu horretan, hainbes- teko bidean etorrita nekatuta egongo haiz eta.

    –Ondo esana duk. Eta hala etzan omen zen zizailu gainean.

    Patxik gosaldu zuenean, bai, oraintxe joan gintezkek, esan omen zion deabruari. Baina deabruak eginahalak eginagatik, ezin omen zen jaiki zizailu gainetik. Zizailua ere pikeaz igurtzita eduki Patxik.

    Eta han eduki omen zuen hura ere hiru urtetan, harik eta azkenik, pikea suaz urtu zion arte. Askatu zenean, hankak arin zituela aldegin omen zuen infernura deabru gizarajoak. Patxi errementaria berriz ere munduan geratu omen zen. Eta lehen baino gaiztakeria haundiagoak egiten.

   Patxirena ez zela gizabidea eta berriz ere infernutik beste deabrua bidali omen zioten.

    Hirugarren deabruari honela esan omen zioten aurreko biek:

    –Motel! Patxi mahaian jartzeko agintzen badik, ez gero jarri; ezta zizailuan etzateko esaten badik ere.

    –Ondo zegok –esan omen zuen deabru hark, eta mundura aldegin.

    Halako goiz batean, deabrua Patxiren sutegira sartu eta egun on esan omen zion.

    –Baita hiri ere.

    Gaiztakeriari erabat emanda hagoela ziotek denek. Ez al duk honela?

    –Ez duk hori egia.

    –Bada, nik hi infernura eramateko ordena diat, eta joan egin beharko diagu.

    –Ez duk gaizki esana. Baina lehendabizi gosari txikia egin dezagun behinik- behin.

    –Jan genezake.

    Sukaldean sartu zirenerako, jarri mahaian, esan omen zion Patxik.

    –Ez, ez zeukat jarri beharrik.

    –Etzan hadi orduan horko zizailuan, hainbesteko bidean etorrita nekatuta egongo haiz eta.

    –Ez, ez netxok nekatuta.

    –Motel!, igo hadi orduan hor atariko piku gainera eta jan ezak nahi duan adina piku, nik bizigarri pixkat hartu bitartean. Pikuak ederrak zeudek eta.

    –Bai, horixe egingo diat. Ondo esan duk.

    Deabrua piku gainera arin igo omen zen.

    Gosari txikia egin zuenean, atarira atera eta deabruari deitu omen zion Patxik.

   Baina deabrua ezin omen zen jeitsi. Pikua ere pikeaz eginda egon eta deabrua han erantsita gelditu omen zen.

    Eskolume guztiek egunero harrika egiten omen zioten deabruari.

    Hau deiadarka aritzen omen zen; baina Patxik entzungor egiten omen zuen, eta hiru urtez bertan eduki, harik eta pikea suaz berotu eta urtu zuen arte.

    Orduan, Patxirekin egoteko gogorik gabe, deabruak presaren presaz aldegin zuen. Errementaria berriz ere munduan gelditu zen.

     Denbora joan eta denbora etorri, azkenean Patxiri ere heriotze ordua iritsi zitzaion.

    Hil ondoren, mailua, burruntzia eta tenazak hartu eta infernuko bidea hartu zuen.

    Mailuaz infernuko atea jo eta barrutik:

    –Nor da?

    –Patxi errementaria –bere erantzuna.

     Hau entzutean deabru guztiak ateari eustera bildu ziren, Patxi errementaria sar ez zedin.

     Deabruetako bat, errementaria ezagutuko zuela eta, ate-zulotik begira jarri zen. Orduan, Patxik burruntzia erabiliz begia atera omen zion.

    Beste deabruak, hitzetik ezagutuko zuela eta, belarria jarri omen zuen ate-zuloan. Errementariak tenazez baliatuta belarria kendu omen zion.

    Azkenean, infernuak ez zuela hartzen eta errementariak zerura jo omen zuen.

    Jo zuen zeruko atea eta San Pedro-k galdetu omen zion ea zein zen.

    –Patxi errementaria –erantzun omen zuen eta San Pedrok ez zion zeruran sartzen utzi nahi.

    Orduan, andere zahar bat azaldu zen ate ondoan, eta Patxi errementaria ikusi zuenean oso larritu zen, eta berebiziko ondoesanez errementariari hasi zitzaion gizon benetan ongilea zela esanez, beldurrak eraginda noski.

   Honelako gauzak entzunda, San Pedrok zeruko ateak ireki zituen eta errementaria sartu. Patxi errementaria zeruan aurkitzen da.


JM. BARANDIARANek jasoa

Patxi errementari


Comments