Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

NI NEU NAIZ

Gatzagako andre batek, gobara egiten zuenean, arropa zuhaitz adarretan zabaltzen zuen, eta gau osoan uzten zuen lehortzen.

Baina aspaldian arropa batzuk desagertzen zitzaizkiola eta, gau batean, zaintzen geratzeko eskatu zion
senarrari, lapurra harrapatu eta gobara lapurtzeko gogoak kentzeko esanez.

Gizonak hartu zuen urdai zati bat, ogia eta ardoa eta gaua esna igarotzeko prestatu zen. Adar batzuekin sua piztu, urdai zatia burruntzi batean jarri eta hura erretzen hasi zen. Han zegoen koipez ogia lasai gantzatuz eta oheko berotasunean zein ederki egon zitekeen pentsatzen, sorgin bat agertu zitzaionean.

Sorgina itsusi aparta zen, begi bakarra zuen bekokiaren erdian. Hark ere bazuen burruntzia eta, bertan,
apo bat. Sutondoan eseri zen, gizonaren ondoan eta hura ere apoa erretzen hasi zen. Ogia koipetan bustitzen zuen bitartean, hau esaten zion gizonari:

    -Zuk past-past egiten baduzu, nik gauza bera egingo dut...

Gizonak sorgina ikustean sekulako beldurra izan zuen eta, burruntzia hartuz, begi bakar hartan sartu zion, itsu utziz. Sorginak herrialde osoan entzun zitekeen garrasia egin zuen eta gero, oraindik oihuka, gizonari galdezka hasi zen:

    -Nola duzu izena? Nola duzu izena?

Gizonak ez zekien zer erantzun, baina sorginak bereari jarraitzen zion.

    -Nola duzu izena? Nola duzu izena?

Azkenean, honela esan zion gizonak:

    -Ni, neu naiz.

Eta etxera joan zen lasterka, sorgina oihuka eta bere kideei laguntza eske ari zen bitartean.

Sortu zuen iskanbila apartekoa izan zen eta beste sorginak Euskal Herri osotik agertu ziren.

    -Nork zauritu hau? -galdetu zioten.

Eta berak erantzun:

    -Neu! Neu! Neuk zauritu nau!

    -Heuk egin badun, guk ez dinagu zertan parte harturik eta beste noizbait beste erokeriaren bat egin nahi badun, egin ezan gu alde batera utzita!

Eta etorri bezala, sorgin guztiak gauaren ilunean desagertu ziren, zorigaiztoko itsua minez oihuka eta zer egin jakin gabe utzirik.

 

Comments