Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

MURUETAKO AKELARREA

SORGINEN BIDEA MURUETAKO AKELARRERA

Muruetako Jesus Orbek kontatuta 1922an

Mutil bat ei zen andre baten morroia. Andre hau gau-gauean gelditzen ei zen ezkaratzean morroia oheratutakoan.
Beti-beti andreak zer egiten ote zuen jakingura zuen mutilak eta halako batean zer egiten du? Gabon esan eta ohera doalakoan, ate ostean ostendu.

Ugazaba-andreak, morroian gomuta barik, ontzi txatxar bat hartu eta barruko unturiarekin igurtzi ei zuen gorputzaren alde batzuk, eta irrist joan zen tximiniatik gora hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik esanda.

Mutilak hau ikusirik hartzen du berak ontzia, igurtzi ugazaba-andrea legez eta dio: hodei guztien azpitik eta sasi guztien azpitik.

Igo zuen tximiniatik gora eta han zihoan sasiperik sasipe dena urruturik, gainetik esan beharrean azpitik esan zuen-eta.
Azkenez heldu ei zen landa batera. Han zeuden hainbat atso, bere ugazaba-andrea ere bai. Sorginak izan behar dituzte hauek, esaten zuen bere artean. Honetan ikusten du bat beltza eta motza ezin handiagoa. Bere itxurarekin ikaraturik, “Jesusen Kredo, que culo tan negro!” esan zi zuen.

Jesusen izena entzun zutenean, han ez ei zen lotu sorginik bat ere: denak eman ei zioten ihesari, bakoitzak ahal zuen lekutik. Gure morroia bakar-bakarrik gelditu ei zen nora joan ere ez zekiela, ez non zegoen ere. Sasipetatik joanda; nola jakingo zuen bada?

Han itxaron ei zuen ba eguna egin arte. Eguna egin zenean, herrira joan zen eta gertatutakoaren parte eman ei zien bertako agintariei sorgin guztien bakea egiteko asmoz.
Comments