Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Mari Urrika eta Artzaina

Mari Urrika eta Artzaina


    Behin, «Aldrabasketa»ko artzain zaharrari, Anbotoko Mari Urrikak ikatz biztua eskaini zion. Baina, artzain zahar hark eskaini zion oparia inola ere ez zuen hartu nahi izan.

    Orduan, Mari Urrikak, oparia ez hartzearen zergatia jakin nahian, artzain zaharrari hauxe galdetu zion:

Zergatik ez duzu hartu nahi ikatz polit hau?
 Hamaikatxo horrelako badago gure supazterrean... Ez, opari hori ez daramat inora!
— Oker zaude, artzain: honelakorik ez dago zure etxean. Hartu eta eraman ezazu, ba, eta zeure etxean ikusiko duzu ondo, hau den gauza ederra. Ikatz berezia da... Tira, eraman ezazu
.

    Esanen-esanez eta ekinen-ekinez, halako batean, artzain zaharrak hartu zuen ikatza. Eta gure gizona, ikatza eskuratzeaz batera, mendian zehar eta basoan behera etxerantz abiatu zen. Etxeratu zenean, bere emazteari arnas-hoska esan zion:

— Hona hemen Mari Urrika-k eginiko oparia ...
— Hori oparia! A lelotzarra! —esan zion irriz emazteak—. Ikatza da eta! Sukalde supazterrean hamaika holako badago...
— Gauza berezi bat dela esan dit eta, hartzeko eta hartzeko esanez, nahi eta nahi ez hartu arazi dit.
— Mari Urrikaren maltzurkeriak... —erantzun zion emazteak.
— Maltzurkeria edo zera... ez dakit nik zer izan daiteken ere —esan zuen arduraz gizonak—. Ea, ba, eutsi ikatz hau, eta zelakoa dan zeure eskuz eta begiz ikusi.

    Eta besterik gabe, ikatz aparta hura, gizonaren esku gogorretatik emakumearen esku bigunetara igaro zen. Eta, zer izan zen orduan! Ikatz zatia emakumearen eskuetara eldu zenean, urrezko txanponak parrastaka jauzi ziren sukaldearen erdi-erdira. Halako dirutzarik!
Hura ikustean, emaztea, pozaren-pozez zoro bat eginda, «hau zoriona, hau zoriona!» esanez deiadarka eta zarataka hasi zen.

Ikatz miragarri hau dela eta, zoriontsu gara, gizon! —pozarren—. Dena dirua eta dena urrea! Holako aberastasunik eta holako zorionik! Horain, baina, ene gizon, gure zoriona handiagotzeko, bihar goizean Anbotora joanda, Mari Urrikari honelako beste ikatz zati bat eskatu behar diozu... Orduantxe bai izango garela benetako aberats eta zoriontsu...!
¿Nahikoa zoriontsu ez gara, ba? —erantzun zion gizonak—. Lehenari begiratu ezkero, aberastasun asko daukagu bai, arranotan! Zertarako diru gehiago?
Ez, ez eta ez... Ez dugu nahikoa... —esan zuen andreak negarrez—. Oraindik askozaz aberatsagoak izan gaitezke eta... Zoaz bihar Anbotora; zoaz andrearen esana egite arren, eta Mari Urrikari ikatz bat eskatu iezaiozu. Eta berak ezer galdetzen badizu, emaztearen esana egitearren joan zarela esango diozu...

    Gehiago gabe, Aldrabasketa-ko artzaina, emaztearen esana egite arren, biharamun goizean Anbotora joan zen; eta bertako tontorrean Mari Urrikari beste ikatz bat eskatu zion.
    Anbotoko andereari, artzainaren eskabideak barre eragin zion; eta irri-barreka eta txantxetan, artzain zaharrari hauxe esan zion:

— Zer, artzain? Lehengo eguneko ikatza nekez hartu... eta orain zeu zatoz beste baten eske? Zer dela eta?
— Entzun, ba, Mari: atzoko ikatza atsegin ere atsegin izan dudala eta, emazteak lehengoa bezalako beste baten bila bidali nau... Beraz, andrearen esana egite arren etorri naiz.
— Eta andrearen esana egiteko etorri zara? A, gizon oiloa! —esan zion Mari Urrikak begirakune zorrotzez—. Andrearen esanak egiten badiharduzu, ez diharduzu txarto ere, zeure andrearen handinahikeriak galduko zaitu eta.

    Mari Urrikak artzain zaharrari ikatz handi bat eskuratu zion; eta artzaina, bestea bezalako ikatza izango zelakoan, mendian-behera joan zen.
    Bitartean, Mari Urrikak ahots itzalez hauxe abestu zuen:

Andrea etxean agintari,
gizona etorri mandatari;
izarrak goian ager orduko,
damutuko yako berari.

    Aldrabasketako artzainak, ikatz zati eder hura ere, aurreragokoa lez, emaztearen eskuan ipini zuen, urre-diruak parrastaka irtengo zirelakotan.

    Baina orduan gertatu zen gertatu zena! Ikatza ukitzeaz batera, emakumearen eskuak zapoz eta sugez bete-bete egin ziren: ikatzaren barrutik irteniko zapo-suge iguingarriak ziren. Aldrabasketa basetxeko bazterrak ere, pizti beldurgarriz bete ziren.
    Halako zoritxarra ikusita, senar-emazte gaixoak negar baten hasi ziren; eta beldur-ikaraz egin zituen hurrengo egunak ere.
    Azkenez, herriko abadeari dei egitea erabaki zuen. Eta abadeak, etxeko bazterrak ur bedeinkatuaz bustita gero, pizti guztiak bidali zituen.



Comments