Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Mairuaren Lezea

Fitero herritik hurbil, harkaitz aldapatsu baten gailurrean, Alhama ibaia zeharkatzen duen ibarra menderatuz, gaztelu zahar baten hondakinak daude. Ibai ertzean leize sakon bat dago, "Maiairuaren leizea" izeneko. Jendeak uste duenez, lurpeko pasadizo batez gazteluraino iristen omen da.

Arabiarren agintaldian, gaztelu hori soldadu mairuek okupatzen zuten eta borroka asko izaten ziren haien eta nafarren artean.

Borroka horietako batean nafarren buruzagia zauritu, preso egin eta ziegan sartu zuten katez lotuta. Hil ere egingo zen alkaide mairuaren alabarengatik izan ez balitz, hark ahal zuen guztian laguntzen baitzion. Eta horrelako istorioetan gertatzen den bezala, maitemindu egin ziren.

Hilabete batzuen buruan neskaren familiak erreskaterako dirua bildu zuen eta askatu egin zuten. Berriro etxera itzulirik, nafar gazteak ezin zuen bere maitea burutik kendu eta gaztelu haren aurkako eraso bat antolatu zuen, hartaz jabetu eta neska mairuarekin elkartzeko asmoz.

Gauza ondo atera zen. Nafarrek soldadu mairuak bota egin zituzten handik eta bi maiteminduak elkarrekin batu ziren. Egunak bazihoazen eta bi maitaleen zoriona erabatekoa zen, baina, bien

bitartean, mairuek laguntza lortu eta gaztelua berreskuratzeko asmotan itzuli ziren. Eraso egin zuten. Nafarrak oldarrez eta suharki defenditu ziren, baina mairuak askoz gehiago zirenez, haientzat izan zen oraingoan garaipena.

Nafarren buruzagi gaztea zauritua suertatu zen eta, zer gertatzen zen ikusi zuenean, neska mairua mutilarengana joan zen. Ahal zuen bezala pasagune sekretu batera garraiatu zuen eta handik, ibai

ertzeko leizeraino eraman zuen. Behin salbu jarri zirenean, neska zauria sendatzen hasi zitzaion, baina odola bor—bor zerion eta ura behar zuen. Horrela bada, gudariaren kaskoa hartu eta ibaira joan zen ur bila.

Bien bitartean, nafar gaztearen eta alkaidearen alabaren bila zebiltzan mairuak gazteluan, baina, jakina, ez zituzten topatu. Halako batean, zelatan zegoen mairu batek nafarraren kaskoaren distira

ikusi zuen almenatik eta, ihes egitera zihoalakoan, gezi bat jaurti zion. Arkulariak punteria ona zuen eta erdiz erdi jo zuen neska. Mairu gazte maitemindua herioz zauritua geratu zen. Anal zuen bezala, leizeraino iristea lortu zuen eta hantxe erori zen hilik bere maitearen gorputz gainean. Mutila ere laster hil zen neskaren adats luzeak laztandu ondoren.

Bi gorputzak han geratu ziren, beren arimek bizitzan idoro ez zuten bakea aurkiturik. Geroztik, zuriz jantzitako neska mairu eder bat ikusi izan omen dute besapean txarroa duela. Ibaira joan, txarroa urez bete eta leizera itzultzen omen da berriro. Zaldun nafarrarekin maitemindutako mairuaren arima da. Orain dela ehunka urtez honantz ez da inor ausartu izan leize horretan sartzen.

Comments