Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Lamia kolpatua

    Larrun mendiaren oinetan bizi ziren lamina batzuek erasotzen zien auzoetako anitz etxeri. Arrats batean joan ziren tximinia baten kaskora, eta handik behera begira jarri. Bazirudien sukaldean ez zegoela emaztea beste inor, eta jaitsi egin ziren; bertan topatu zuten etxekoandrea zizeilu(1) batean jarria, iruten(2) ari zelarik. 

    Bozkariotu(3) egin ziren aukera ona zutelako, zeren nagusia ohean baitzegoen une hartan. Zernahi ausardia eta ozarkeria(4) egin zioten emazteari. Andre hura ere ez zenez gero oso eskuzabala, ez zien deus eman lamina eskale txar haiei. Baina hala eta guztiz ere, zartaginetan zeuden gurin hondar guztiak milikatu zizkioten, gurina biziki maite baitzuten. Handik beren zuloetara joan zirenean, emazte hark gau berean salatu zion dena bere senarrari. 
    
    Biharamunean arratsa etorri zenean, emaztearen soin zahar bat jantzi zuen, eta sudur-zapi ilun bat jarri buruan; kiloa(5) hartu zuen iztupa(6) lodi batez kargaturik, eta zizeilu berean eseri zen, zartagin batean gurina irakiten zuela.

    Horra non egundaino bezala jaisten zen lamina bat tximinian behera, eta nonbait –laminaren izpiritu gaiztoa– iruditu zitzaion bestelako irule zela, eta esan zion:

    -“Zer, atzo hi pirun pirun ari hintzen iruten, eta gaur pordoka pordoka?”.
    -“Bai, atzo liho fina nian, eta gaur iztupa”.
    -“Eta nor haiz bada hi?”.
    -“Ni, nihaur”.

    Laminak esan zion:

    -“Ekarran busti bat”.

Besteak ez zion ihardetsi. Oraino, berriz ere:
    -“Ekarran busti bat”.

     Eta kokorikatu egin zen, hurrupatu nahi balu bezala. Eta hainbesterekin, iruleak hartu zuen zartagina kirtenetik, eta bota zion gurin irakina zaflakoan laminari,     non marrumaz eta garrasiaz igo baitzen tximinian gora bere lagunengana.
Lagunek ikusirik beraren arrengurak, galdegin zioten:

    -“Zer duk, lagun? Nork egin dik?”.
    -“Nihaurrek”.
    -“A! Orduan zer nahi duk egin, hihaurrek egin badiok heure buruari? Inork ez dik hobenik, hihaurrek baizik”.
 Eta lamina ia hilzorian gelditu zen gurin irakinez gantzutua.  



(1) Zurezko eserleku gutxi-asko luzea eta bizkarduna, bizkarraren erdiko zatia mugikorra eta mahai gisa erabiltzeko modukoa duena. Sarritan eserlekuaren azpialdea itxi egiten zen eta oilo, untxi eta hainbat animalia txiki hazteko erabili ohi zen. Euskal altzari tipikoa da.
(2) Artilea hari bihurtzen.
(3) Poztu.
(4) Errespetu eta begirunerik gabe jokatzen duena.
(5) Gorua. Iruteko tresna, goian iruteko gaia jartzeko atala duen makila-antzekoa. Batzuetan gurpil, biela eta pedalez osatua da.
(6) Lihoa edo kalamua zehatzean bereizten den zati larria, hainbat erabilera dituena.
Comments