Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Lamia eta hargina

LAMIA ETA HARGINA

Aspaldiko garai batean, hargin bat bizi zen Zuberoako herrixka batean, Zuraiden. Bere lana onetsia eta beharrezkoa bazen ere, hargina ez zegoen batere gustura, zeren, berak esaten zuenez, oso lantegi gogor eta neketsua baitzuen. Garai hartan lamia asko zegoen Euskal Herrian. Haietako batek gizonaren kexuak entzun zituen eta aurrera azaldu zitzaion. 

-Zer duzu? -galdetu zion- Ez zaude pozik?

-Ba, begira, harria pikatze hau oso lan neketsua da eta bizitzeko ere ozta-ozta ematen du. Ez ote naiz inoiz aberastuko!

-Hori nahi baduzu, -esan zion lamiak- aberatsa izango zara, bada !

Eta lamiak aberats egin zuen.

Hasieran, harginari ametsetan ari zela iruditu zitzaion baina berehala ohitu zen! Nahiko diru, etxe ederra, morroiak... izatea gauza atsegina zen benetan! Baina, denboraldi baten buruan, asper- tu egin zen bere egoera berriaz.

-Orain aberatsa naiz, egia -pentsatu zuen-, baina ez naiz ahaltsua.

Lamia berriro agertu zitzaion.

-Eta orain zertaz zara kexu?

-Bada... zera... orain aberatsa naiz eta hori ondo dago baina naizen baino ahaltsuagoa izan nahi nuke... Enperadore banintz!

Eta lamiak enperadore egin zuen.

Pozik zegoen hargina! Enperadore zen! Nahi zuen guztia zeukan eta bere esanetara zeuzkan denak...

Uda iritsi zen eta bero izugarria egin zuen. Enperadoreak ezin zuen txoko freskorik aurkitu jauregi osoan.

-Egia esan -zioen bere baitarako-, eguzkiak enperadoreari kalte egin badiezaioke ahaltsuagoa delako izango da, oxala eguzkia banintz!

Lamia han inguruan zegoen eta dena entzun zuen. Eguzki bihurtu zuen !Hargina pozikzegoen eguzki zelako, baina, halako batean, hodetxo bat jarri zitzaion aurrean eta estali egin zuen. Gizon aberats-enperadore-eguzkiak pentsatu zuen, hodeitxo batek estal bazezakeen, hura ahaltsuago zela bera baino. Hodei izateko gogoa sartu zitzaion.

Eta lamiak hodei bihurtu zuen.

Hargina zoratzen zegoen bere egoera berrian. Hodei izatea oso atsegina zen, tximistak eta euria jaurtiki zitzakeen lurrera, jende guztia busti zezakeen eta bakoitza bere etxean sarrarazi... Bat-batean haitz bat ikusi zuen, zaparradari lasai eusten zion eta haitza ahaltsuagoa zela pentsatu zuen, hodeiak ezin baitzion ezer egin. Haitz bihurtzea nahi izan zuen.

Eta lamiak haitz bihurtu zuen.

Baina haitz egin zenetik laster mailukada batzuk sumatu zituen berari joka. Mila zatitan puskatu zuten eta, orduan, oihu egin zuen:

-Hargina da ahaltsuena, haitza mila zatitan apur baitezake! Ai, hargina banintz!

Eta lamiak hargin bihurtu zuen berriro. Gero, esan zion:

-Gauza bat zarenean bestea izan nahi duzu ! Hara bada... hasieran bezalaxe zaude! Hemendik aurrera hobe izango dugu nork berean jarraitzea: ni lamia eta zu hargin.

Eta lamia desagertu egin zen eta. harginari ez zitzaion beste inoiz azaldu.

EUSKAL HERRIKO LEIENDAK. Toti Martinez de Lezea
Comments