Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Jentilen Akabera

Jentilen Akabera

    Behin batean, Jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen zuten hurbiltzen ekialdetik. Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino distiratsua ikusi zuenean, honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota nazazue amildegitik behera”. Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango aranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan. 

    Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen zaio, eta herri sinesmenak dio azken Jentilak bertan hilobiratuak daudela. Jentillarri hori, benetan, historiaurreko monumentu bat da, trikuharri bat da, hain zuzen ere. Ondoko irudian agertzen zaigun trikuarria da Aralarko Jentilarria.