Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Hiru egi

Hiru egi

   
Artzain bat atera zen bere etxolatik bere gauzak hartuta herrira joateko asmoz, baina matxarroa(1) ahaztu zitzaion eta bere bila itzuli zen. Etxolan zegoela Basajaunak aurkitu zuen bertan, eta honela galdetu zion:

    - Zertara hator?

    - Matxarroaren bila etorri nauk - erantzun zion artzainak.

    - Hiru egi esaten badizkiak izango duk matxarroa.

    Orduan artzaina pentsakor jarri zen eta honela esan zion:

    - Zelako gau ederra! Eguna bezain argia duk, esan dezake norbaitek. Ez, sekula.

    - Horra egi bat - esan zuen orduan Basajaunak.

    - Bigarrena. Belea Herio bezain beltza dela esaten dute. Ez, sekula.

    - Horra beste bat - esan zuen orduan Basajaunak.

    - Hirugarrena. Nik gaur jakin banu hi hemen hitzala, ez ninduan etorriko.

    - Aaa! Hori duk egia. To matxarroa.

    Artzaina bere matxarroa hartu eta etxera joan zen pozik.




(1) Burdinezko pala kirtenduna, artzainek taloa sutan jartzeko erabiltzen dutena.
Comments