Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

GALTXAGORRIAK IDI-PROBAN

    Zarautzen, Galtxagorrien jabe zen baserritar batek idi-proba batean hartu omen zuen parte. Zor ugari zituen gizon honek eta ezinbestekoa zuen irabazte, bestela kale gorrian gelditzeko arriskua zuen. 

    Plaza gainezka zegoen eta jendea aurkariaren idien alde zegoen, ohiuka animoa ematren. Probari ekin eta berehala ikusi zen lehia gogorra zegoela, aurkariak pare-parean zihoazten. Baina proban aurrera egin ahala, bere lehiakideen idiek harria aiseago zeramatela ikusi zuen eta galtzeko zorian zegoela, atera Galtzagorriak eta laguntza eskatu zien. Galtxagorriak, idien adarretatik tiraka hasi ziren eta horrela, baserritarraren idiek aurreratu egin zituzten aurkariak. 

    Irabazi egin zuen apustua baserritarrak eta dirutza irabazi zuen. Zorrak kitatu eta oraindik soberan gelditu zitzaion dirua. Galtxagorriei esker ongi bizitzeko moduan gelditu zen eta pozik itzuli zen baserrira.

Galtxagorriak idi-proban


Comments