Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Amalurra

AMALURRA

    Elezaharrak dionez, aspaldi hartan lurra ilun-ilun zegoen. Ez zen gaurik, ez zen egunik. Iluntasuna zen nagusi. Eta iluntasun hartan baziren izpiritu gaiztoak, izpiritu maltzurrak, beren gordelekuetatik aterata, gizakien aurka mehatxuka eta erasoka ibiltzen zirenak.

    Gauzak horrela, egun batez, gizaki haiek Ama Lurrarengana jo zuten izpiritu gaizto eta maltzur haien aurka borrokatzeko laguntza eske.

    Ama Lurrak, erreguak entzun ondoren, errukituta, laguntza ematea erabaki zuen, eta alaba bat sortu zuen: ILARGIA. Horrela jaio zen gaua.

    Baina ilargiaren argia ez zen nahikoa izan eta izpiritu maltzur eta gaizto haiek, beren gordelekuetatik aterata, oraindik ere mehatxuka eta erasoka jarraitzen zuten.

    Eta gizakiak han joan ziren berriro Ama Lurrarengana erreguka, laguntza eske.

    Ama Lurrak, erreguak entzun ondoren, errukituta, berriz ere laguntza ematea erabaki zuen, eta beste alaba bat sortu zuen: EGUZKIA. Eguzkia sortu zuen eta horrela jaio zen eguna.

    Pozez beterik, bihotz-bihotzez eskertu zuten gizakiek argitasun hura, baina eguzkia lurraren magalean atsedena hartzera sartzen zenean gaua jaiotzen zen, eta, gauarekin batera, gaizkile gaizto eta maltzur haiek, beren gordelekuetatik aterata, mehatxuka eta erasoka jarraitzen zuten,.

    Hirugarren aldiz jo zuten gizakiek Ama Lurrarengana, erreguka, laguntza eske: Ama Lurra, Ama lurra, lagundu eiguzu, izpiritu gaiztoak erasoka jarraitzen dute eta!

    Ama Lurrak, erreguak entzun ondoren, errukituta, berriz ere laguntza ematea erabaki zuen, eta oraingoan oso gauza berezia sortu zuen: EGUZKI LOREA. EGUZKI LOREA sortu zuen. Eta agindu bat eman zien gizakiei: jar zezatela EGUZKI LOREA etxeko atariko atean izpiritu gaizto haiengandik babestuak izateko. Eta halaxe egin zuten gizakiek, eta halaxe gertatu zen: ez zuten gehiago gaizkile haien mehatxurik eta erasorik izan.

    Harrez geroztik, gizakiak lasai eta bake ederrean bizi izan ziren.

Ama Lurra


Comments