Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Azeriaren zoritxarra

AZERIAREN ZORITXARRA

 Behin batean, elur malutak zerutik goitik behera nola jausten ziren begira omen zegoen liluratuta zozoa.

Halako batean, putrea hurbildu zitzaion eta honela galdetu zion:

- Zer ari haiz Lukito?

- Harrituta nagok, zerutik jausten diren gauza zuri horiek zer ote diren begira.

- Ez al dakik zer diren?- jarraitu zuen putreak- Oilo lumak dituk hi! Ezkontza garrantzitsu bat ospatzen ari dituk zeruan eta oilo lumak ari dituk erortzen.

- Badakik niri ere zeruak egotea gustatuko litzaidakeela. Oiloak nire jaki gustukoena dituk!

- Hori besterik ez baduk, segituan eramango haut hegan. Zintzilikatu adi nire buztanetik!

Azeria heldu zion putrearen buztanari ahoarekin, eta han joan ziren hegan biak. Lainoen gainetik zebiltzanean, honela galdetu zion putreak:

- Ondo al hoa Lukito?

Azeriak ez zion erantzun.

- Zer moduz hagoen galdetu diat hi!

Azeriak isilik jarraitzen zuen.

- Hi, ez badidak erantzuten lurrera botako haut!

- Bai...-erantzun zion azeriak.

Baina, erantzuteko ahoa ireki behar izan zuen, eta han joan zen ziztu bizian azeria beherantz. Erortzen ari zela, honela esaten zien azpian zeuzkan harkaitzei:

- Kendu hortik txikituko zaituztet eta! Kendu paretik!

Azeriak beldurra sartu nahi zien harkaitzei, txikituko zituela esanaz, baina bere horretan jarraitu zuten, eta azeria bera gelditu zen txiki-txiki eginda harrien kontra jo zuenean.

 

ANTOLOGIA DE FABULAS, CUENTOS Y LEYENDAS DEL PAIS VASCO.

DE BARANDIARAN IRIZAR, LUIS

Tiburcio Ispizuk jasoa Bedian 1921aan

Comments