Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Arrabako usoa

 ARRABAKO USOA


    Elezaharrak dioenez, orain dela urte asko, bazen Markinan (Zuia) uso ehiza ikaragarri gustatzen zitzaion artzain gazte bat.

    Behin batean , atera zen ehizara eta uso bati bete-betean eman zion bere geziarekin, eta lurrera erori zen hegaztia. Jaso zuenean, bizirik zegoela ohartu zen. Penatuta, hil beharrean jaten eman eta zaindu egin zuen. Handik egun batzuetara, sendatuta zegoela ikusita, libre utzi zuen eta hegan jon zen. Baina, bere buru gainean hegaldi batzuk egin ondoren, uso zuria bere sorbaldan pausatu zen. Ordutik aurrera, harreman berezi bat sortu zen usoa eta artzainaren artean: gazteak egunero jaten ematen zion eta usoa etxolaren gainetik hegan ibiltzen zen, zelatan, artzaina babestuko balu legez.

    Usoa hainbeste maite zuela ikusita, gaztearen aitak esan zion ehiza egitera zihoanean ez ateratzeko usoa, bestela aztore batek hil zezakeela eta. 

    Artzaina ahuntz batzuen bila joanda zegoen egun batean, txabola ondotik ehiztari bat pasa zen eta usoa utzi zezan eskatu zion aitari, ehizarako erakargailurik ez zuela eta. Aitak ezetz esan zion, baina ehiztaria temati jarri zen eta diru mordoxka bat eskaini zion. Orduan, aitak utziko ziola esan zion, baina eguna bukatu aurretik itzultzeko baldintzarekin.

    Ehiztaria Lekanda ingurura joan zen eta usoa libre utzi zuen. Artzain gaztea ere inguruan zebilen, eta ahuntz baten bila zebilela harkaitz batean oreka galdu eta amildegi batetik behera jausi zen. Usoak gertatutako zerutik ikusi zuen eta atsekabetuta begira gelditu zen. Une horretan azore bat etorri eta arrapatu egin zuen. Ilunabarrean ehiztaria usorik gabe itzuli behar izan zuen txabolara, eta, orduan, semea eta usoa desagertu zirela ohartzean, aitak okerrena pentsatu zuen. 

    Denbora asko egin zuten berain bila, eta, halako batean, amildegi batean topatu zituzten biak elkarren ondoan hilik. Biak elkarrekin lurperatu zituzten.

    Aitak burua galdu zuen penaren penaz, eta ordutik basoan noraezean omen dabil negar zotinka.
Beste batzuk, usoa benetan sorgin bat zela diote, eta Lekandako haitzean dauden bi orban gorriak sorgin maiteminduaren odol tantak omen dira.
Comments