Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Gizona eta sugea

GIZONA ETA SUGEA

     Aralarren, Ormazareta izeneko lekuan gertatua da hau. Artzain batek bere artaldea larre horietara bazkatzera zuela, ustekabean  suge kume bat atera zitzaion. Polita eta atsegina iruditu zitzaionez bere txabolara eraman eta gaztangazura edaten erakutsi zion.

    Ordutik aurrera, egunero, ordu jakin batean txabolara etortzen omen zitzaion eta artzainak gaztangazura ematen zion edateko. Udazkenaren ondoren hotza eta eguraldi txarra iritsi zenean artzaina mendi gainak utzi eta aranera jaitsi zen artaldearekin. Baina, sugea ez zen ahaztu artzainaz eta udaberrian Ormazaretara bueltatu zenean txistu egin berehala azaldu omen zitzaion sugea jatekoaren bila.

    Horrelaxe urte batzuk pasa zituzten, baina halako batean, artzainak artaldea saldu egin behar izan omen zuen eta Aralarrera igotzeari utzi zion.

    Urte mordoxka bat ondoren, artzaina lagun talde batekin mendi buelta bat ematera joatea suertatu zitzaion Ormazareta ingurura. Bertan zeudela, horrela esan zien lagunei: baietz munstro bat agerrarazi!

    Lagunek ez omen zioten sinetsi, baina artzain ohiak txistu luze bat egin zuenean, han agertu zen sugetzar izugarri bat.

    Artzaina lagun zaharrarengana konfiantzan hurbildu omen zen, baina sugeak gaztangazura ikusi ez zuenean artzainaren gainera salto egin, gorputzaren inguruan bilduan bildu zitzaion eta ito egin zuen.

 

ANTOLOGIA DE FABULAS, CUENTOS Y LEYENDAS DEL PAIS VASCO.

DE BARANDIARAN IRIZAR, LUIS

Jose Mari de Auzmendik ataunen kontatua 1923an JM Barandiarani

Comments