Euskal Mitologia‎ > ‎Elezaharrak‎ > ‎

Alaba eta alabaordea

ALABA ETA ALABAORDEA

 

Gizon bat, alaba bakar gaztetxo baten aita zela, alargun utzi zuen bere emazteak. Etxea ondo ezin gobernatu eta, soineko beltzak kentzeko ordua heldu orduko, bigarrenez ezkontzeko asmoa izan zuen. Bigarren emaztetzat bere aurrean lehenengo agertu zen emakumea hartu zuen. Sorgina zen berau. Laster, sorgin honengandik beste alaba bat izan zuen.  Bigarren hau ume izatetik gazte izatera heldu zenean hil zen aita. Sorgina ordutik aurrera alaba eta alabaordearekin bizi izan zen. Bere alaba asko maite zuen baina alabaordeari gorroto eta ezin ikusia zion. Ezin zuen eraman bere erraietako alaba itsusia zela, ezin itsusiagoa, eta bestea ederra, gero eta ederragoa zela. Behin, negu gorrian, paperezko soinekoz jantzia eta oinutsik marrubitara bidali zuen hau, saskia betea ekartzeko esanda. Hotzaren hotzaz dardarka joan zen neskato errukarria  eta txabola batean hiru gizon aurkitu zituen.

- Nora hoa neskato?- galdetu zioten.

- Amak marrubitara bidali nau.

- Mailukitara! dagoen hotzaz eta daraman jantziaz! Zelako ama den hori!

- Amaordea dut.

- Hola bai. Hor dagoen txabola atzeko egurpean aurkituko ditun marrubiak, sakia betetzeko lain gutxienez.

Saskia marrubiz bete zuenean gizonengana joan zen eskerrak ematera. Hauek maitekiro hartu eta hiru opari egin zizkioten.

Batek:

- Esango donan hitz bakoitzeko urre zati bat jausiko al den!

Besteak:

- Egunetik egunera ederragoa izango al haiz!

Hirugarrenak:

- Hildakoan aingeruak zeruan sartuko al haue!

Etxera heldu zenean, sakia bete marrubiz, lehen baino ederragoa, eta urrea zeriola, horrela galdetu zion:

- Non izan zera neskato?

- Gaintxo horren beste aldeko txabola batean izan naiz.

- Inor ikusi duzu bertan?

- Hiru gizon. Eurak erakutsi didate marrubi lekua.

Hau entzunda, bere alaba soineko eder lodiz jantzita saki berdinarekin bidali zuen, eta alabaordeari esan zion:

- Neskato lagundu iezaiozu honi txabola ikusten den gaintxo horretara, eta gero, itzuli zaitez bakarrik.

Sorginaren alaba txabolara iritsi zenean honela esan zien:

- Ni ere amak bidali nau marrubi bila.

- Marrubitara! Saski bat ez al duzue nahikoa?

Ez zioten marrubi lekurik erakutsi, baina honi ere hiru opari egin zizkioten.

Batek:

- Egiten duan hitz bakoitzeko zapo bat jausiko al zain!

Besteak:

- Egunetik egunera itsusiagoa izango al haiz!

Hirugarrenak:

- Hildakoan Txerrenek eta bere lagunek eramango al haue!

Etxera heldu zenean saskia hutsik, lehen baino itsusiagoa eta ahotik zapoak zeriola, lehen baino gorroto handiagoa hartu zion alabaordeari. Hurrengo egunean ibaia izoztua zegoen. Hori nahi zuen sorginak. Alabaordea artile mataza batzuk hartuta ibaian jotzera bidali zuen alabaordea; aurreko egunean legez, ortotsik eta erdi bilutsik. Ibai ondora iritsi zenean eskuak hotzaz gogortuta, matazak indarrik gabe jotzen ari zela, zaldun batek hain eder eta hain jantzi zarpailduz jantzia ikusirik, errukiak hartuta beregana joan eta honela esan zion:

- Zertan zabiltza hemen neskato?

- Amak harizko mataza hauek garbitzera bidali nau.

- Dagoen hotzaz eta daraman jantziaz! Zelako ama dun hori!

- Amaordea dut.

- Hola bai. hator neure etxera. Neure amak alabatzat hartuko hau betiko.

Zaldun hori errege  zen eta bere emaztea izatera eraman zuen neskatoa. Erregeren amak bere alaba bezala maite zuen erraina. hau lehenengo haurra izateko zegoela, beronen amaordea sorgina, honen berri jakinda, alabarekin batera bertara joan zen bizitzera. Ez dakigu nola lortu zuen sorginak jauregian sartu eta erregina gaztaren emagina izatea. erregea eta bere ama lorategian eguzkia hartzen ari ziren bitartean, sorgina, bere alaba zatarra lagun zuela, ama berri zoriontsuaren gelan sartu zen. hau ohetik kendu eta bere ordez izara artean alaba  zatar zapoduna sartu zuen.

erregea gela sartu eta bere emazte ederra emakume itsusi bihurtuta ikusita, zer egin ez zekiela zegoen. Sorginak alabaordea errekara bota zuen. orduan txori bat txioka hasi zen:

         Txin txau txoria

         txoritxu txilibitaria

         astoan artoa

         upelean ederkaria

         zalduna doa zoroa

         moro bezala daroa.

Horrela igarri zuen non zegoen benetako erregina. Sorgina labean erre zuen eta alaba zatarra itsasoan ito.

 

Maria Martina Marurik Resurrección Maria de Azkueri kontatua.

 

 

Comments