Euskal Mitologia‎ > ‎

Antzinako Euskal Jainkoak

Euskal Herriko elezaharretan Lurra, Ama-Lurra, agertzen zaigu Jainko nagusi legez.  Izaki guztien bizilekua eta babesa, berezko bizitza indarra duena eta natura guztiaren sortzailea. Landareen eta animalien izatea berak ziurtatzen du, eta  gizakioi ere berak eskaintzen digu beharrezko elikagaia eta bizilekua. Lurra ontzi erraldoi bat da, ontzi mugagabe bat; non, hildakoen arimen eta pertsonaia mitologiko gehienak bizi dira. 
    Marik, euskal mitologiakoko pertsonaia garrantzitsuenak, berebiziko harremana du lurrarekin. Sinismen zaharretan Ama-lurraren pertsonifikazioa izan zitekeen. Bere bizilekua lur barnea da hain zuzen ere, haitzuloaetan bizi baita.


    Eguzkia eta Ilargia Ama-Lurraren alabak direla azaltzen dute sinesmen zaharrek. Egunero, bere ibilbidea egin ondoren amaren barnean aurkitzen dute babesa.


    Eguzkia edo Eguzki-Amandrea  ere jainko garrantzitsua izan da euskaldunentzat, berak ematen du beroa eta argia, eta bere menpe dago lurrean bizitza; eguraldi ona edo txarra, uzta oparoa edo eskasa. Baina horrez gain, lurrazpiko jeinuengan botere handia du; eguna argitzean bere bizilekura erretira arazten baititu. Eguzki izpiek arrapatzen dituztenean zenbait jeinuk eta aztik, boterea eta doainak galtzen dituzte. Horregatik, Eguzkiare boterea irudikatzen duen eguzkilorea jartzen da baserriaren sarrerako atean, jeinu gaiztoak uxatzeko.




    Ilargia edo Ilargi-Amandrea ere Lurraren alaba da, eta antzinako euskaldunentzat garrantzi handia izan behar zuen, zeren, eguzkia jangoikoaren begi bezela agertzen bazaigu, Ilargia jangoikoaren aurpegi legez hartzen da.

    Hildakoen arimak argiztatzen omen ditu Ilargiak. Hain zuzen ere, batzuk diotenez, Ilargi hitzak hilen argia esan nahi omen du.




    Ortzi edo Ostri hodeien gainetik dagoen zeru edo izartegia adierazteko erabiltzen da euskaraz, eguzkia, ilargia eta izarrak agertzen zaizkigun lekua. 
    Eskandinaviako Thor jainkoaren antza du, eta litekeena da zeltiarrek guregana ekarritak jainkoa izatea.







    Aztertu ditugun jainkotasunei gainbegiratuz, antzinako euskaldunen kosmologiaren irudikapen bat islatzen da. Erdigunean Lurra dugu, bizitzaren oinarri eta bizileku, eta bere inguruan Ortzia, Eguzkia eta Ilargia. Egunero, Eguzkia eta Ilargia amaren barnetik, Lurraren sabeletik, Ortzian ibilbidea burutzen dute, ondoren, amarengana itzultzeko berriro. Mari berriz Natura eta fenomenu natural guztien pertsonifikazio espirituala da. Euskaldunek begi aurrean zuten guztia gurtzen zuten, bere unibertso guztia: lurra, ortzia, eguzkia, ilargia eta natura.


    Elezaharrak dioenez, Lurran iluntasuna nagusi zenean, gizakiak Ama-Lurrarengana erreguka zuzendu ziren mehatxatzen zuten izpiritu eta numenen aurka borrakatzen laguntzeko. Ama-Lurrak erreguak entzunez, bere alaba sortu zuen, Ilargia. Gizakiak bere argia eskertu zuten, baina haren argia ez zen nahikoa gaizkiaren aurka borrokatzeko. Orduan, gizakiak, ostera ere, Ama-Lurrari eskatu zioten argi gehiago zukeen eta iluntasuna garai zezakeen zerbait eman ziezaien. Ama-Lurrak orduan bere beste alaba sortu zuen, Eguzkia; eta era honetan eguna jaio zen. Harrezkero, egunez izpiritu txar batek ere ez zituen gizakiak mehatxatu. Baina, Eguzkia Lurraren mugalean zegoen Itsasgorrietan murgiltzen zenean, gaua jaiotzen zen. Gaizkiak, gaua heltzean, bere gordelekutik irten eta gizakiak mehatxatzen jarraitzen zuen. Orduan gizakiak  Ama-Lurrari, gauan zehar gaizkiaren aurka borrokatzeko zerbait eman ziezaien eskatu zioten; eta  Ama-Lurrak Eguzki Lorea sortu zuen. Gauan zehar bere bizilekuetik irten ez zezaten, eta gaizkiaren aurka babesteko bere etxeetako atearen gainean Eguzki Lorea jar zezaten adierazi zien. Harrezkeroztik Ama-Lurrak adierazitakoa jarraitu zuten gizakiek, ez zuten gehiago jasan gaizkiaren mehatxurik.

 


Comments